Sanmigeletako Elkartasun Bazkarirako "laguntza eman ez izana Udalak" salatu dute

Mirari Altube Arrese 2016ko ira. 23a, 19:48
Hainbat herritarrek egin duten elkarretaratzea.

Elkarretaratzea egin dute hainbat herritarrek, San Migel jaiak hasteko direla, Udalak elkartasunaren aldeko herri bazkariari urtetan eman izan dion diru-laguntza "ukatu izana" salatzeko. Hartutako erabakia "hausnartzeko eta bertan behera uzteko" eskatu diote.

Herriko presoak izan dituzte gogoan elkarretaratzean: Marsellako espetxean, 814 kilometrotara dagoen Zuhaitz Errasti Goiti, eta Picassenteko espetxean, 633 kilometrotara dagoen Garikoitz Garcia Arrieta. Eta horiek astero elkartasun bisitak jaso ditzaten egindako ekintzak hamaika izan direla jakinarazi. Ekimen horien artean "ezagunena eta jendetsuena" San Migel jaietako Elkartasun Bazkaria izan ohi dela gaineratu dute: "Dagoeneko 15 urte pasa dira zenbait herritar, beraien borondatez, bazkari hau antolatzen hasi zirenetik. Urtero fin-fin eta umorez lanean aritu zaretenoi, bide batez eskerrik asko!"

Udalak herriko azpiegiturak uzteaz gain laguntza ekonomikoa eman izan duela jakinarazi dute: "Hainbat urtetan, udalean alderdi ezberdinak egonda ere, bazkaria antolatzeko eta finean, herriko presoen senideei ekonomikoki laguntzeko diru-laguntza jaso da". Aurten, baina, bazkaria antolatzeko azpiegiturak utzi dizkiela adierazi dute, baina, "diru-laguntzarik eman ez": "Gogor salatu nahi dugu Aretxabaletako EAJren jarrera, herriko preso eta senideekiko sostengu ekonomikoa ukatu duelako".

Hala, hartutako "erabakia hausnartu eta bertan behera uzteko" eskatu diote Udalari: "Jakin dezatela azken presoa etxeratu arte Udalaren laguntzarekin edo gabe, lanean, elkartasunez jarraituko dugula astero-astero euskal preso politikoek, senide eta lagunen bisitak jaso ditzaten".

Era berean, herritarrak animatu dituzte San Migel jaietan ere herriko "presoak gogoan" izan ditzaten eta "aldarrikapena kalera atera, presoen aldeko zapiak lepoan lotuta eta jaiekin gozatuta".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak