San Migel jaien ostean, iraileko azken astean, jarriko zituztela hondakinendako edukiontziak kaleetan jakinarazi zuten Debagoieneko mankomunitateko eta Udaleko ordezkariek. Seguru asko beste astebetez atzeratuko dela iragarri du Unai Elkoro alkateak: "Edukiontziak egunotan dira iristekoak, eta gero, horien muntaia lana samur egingo da. Kontua da bilketa zerbitzua emango duen Cespa enpresarekin ez dugula oraindik guztia lotuta; negoziatzen gabiltza". Hala, irailean baino urrian seguruago izango dela bilketa sistema aldaketa gaineratu du.
Era berean gogorarazi du edukiontziak behin kalean daudenean, horiek erabiltzen hasi beharko dutela herritarrek: "Edukiontziak erabili beharko dira derrigorrean zintzilikarioetatik ez delako jasoko".
Komertzioek bi aukerak
Komertzioei dagokienez bi sistemak erabiliko dituzte. Hondakin organikoa eta papera eta kartoia atez ate jasoko diete orain arte legez, eta ontzi arinak eta errefusa edukiontzietara bota ahal izango dute. "Edukiontzira botatzea erosoagoa delakoan gaude, eta horregatik proba egingo dugu Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Papera eta kartoia, ostera, asko pilatzen da komertzioetan eta edukiontzia bete egingo luketenez atez ate jasotzen jarraitzea erabaki dugu", azaldu du alkateak.
Txartelak Durana kalean
Astean dihardute banatzen edukiontzi marroia eta grisa zabaltzeko txartelak. Herritar guztiek izan dute jasotzera joateko deia baina guztiek ez dute izan komentutik pasatzerik. Horiek Durana kalean dagoen informazio gunera jo beharko dute datorren astean.