Batez ere, 60ko hamarkadako filmetan ezagun egin ziren hainbat kanta entzun ahal izango dira kontzertuan. Horien artean, Blue Hawaii-ko (1961) Can´t Help Falling in Love; Breakfast at Tiffany's-eko (1961) Ower the Rainbow; The Sound of Music-eko (1965) Do Re Mi eta Edelweiss eta Paint Your Wagon-eko (1969) Estrella Errante.
Hala ere, kantak ez dira garai hartara mugatuko, eta belaunaldi gazteagoek ezagunagoak egingo zaizkien kantez gozatuko dute: Titanic (1992) filmeko My heart will go on, Sister Act-eko (1992) Oh happy day eta Les choristes-eko (2004) Vois Sur Ton Chemin errepertorioaren parte izango dira.
Euskal zinemak ere bere tartea izango du kontzertuan. Saioari amaiera emateko, abesbatzak Jai Alai (1940) filmeko Maite kantatuko du, Pablo Sorozabal musikagile donostiarrak konposatua.
Piano, akordeoi eta perkusio doinuek koruko ahotsak girotuko dituzte. Horrez gain, dultzainero batek musika jarriko die emanaldian zehar abestuko diren kanta ezberdinei.
Koruko zuzendari Anjel Barandiaranen esanetan, "uda nahiko mugitua izan da"; izan ere, zenbait kontzertu eskaini dituzte etxetik kanpo. "San Inazio egunean Kantabria aldean kantatu genuen eta abuztu amaieran, berriz, ezkontza batean".
Beste behin, dantzariekin
Azken urteetan egin den bezalaxe, abesbatza eta musikariekin batera herriko dantzariek ere parte hartuko dute. Hain zuzen ere, hiru izango dira frontoiko taula gainera igoko diren dantza taldeak: alde batetik, azken urteetan bezalaxe, herriko haur eta gaztez osaturiko talde bana egongo da; horrez gain, aurten, abesbatzaren gonbidapenarekin, herriko Jaiki dantza taldeak ere ikuskizunean parte hartuko du. Talde bakoitza zortzi dantzariz egongo da osatua.
Kantatuko diren hamaika abestietatik, zortzik dantzarien parte hartzea izango dute. Horietatik sei koreografia ezberdinez osatutako dantzak izango dira eta beste bietan, filmetako eszena ezagunak eszenaratuko dituzte.