1993an herriko zenbait emakumek baserrian ikasitakoa praktikan jarri zutenetik hona, aretxabaletarrek janari postu horretaz gozatzeko aukera izan dute urtez urte. Talogileen lehenengo belaunaldi hartako hiru emakumek oraindik jardunean dihardute, eta bihar bertan izango dira, beste herritar batzuekin batera, taloak prestatzen.
Aurretik ikastaroa
Hala ere, biharkoa ez da emakume horien asteko hitzordu bakarra izango. Joan den eguenean, taloak egiteko ikastaroa eskaini zuten Muru Alde elkartean. Hamabost bat pertsona elkartu ziren, eta jaki horren prestaketak dituen pauso ezberdinak ezagutzeko aukera izan zuten.
Bestalde, ikastaro horretan gidari lanetan jardun zuen emakumeetako bat Karmele Untzueta izan zen, Tril Emakume Elkarteko kidea. Eta, haren esanetan, "prozesuak hasiera batean konplikazio handirik ez daukala dirudien arren, eskarmentua izatea ezinbestekoa da behar bezalako talo bat jateko".
Batez ere, masa zelan egin ikasi zuten; izan ere, hori da talo on bat egiteko sekretua. Edozelan ere, Untzuetari bere sekretua zein den galdetuta, "bakoitzak berea" duela erantzun du hark. "Garrantzitsuena arto-irinaren kalitatea da, freskoa izan behar du eta. Masa egiterakoan, hura ur beroarekin busti, eta, tenperatura beroan mantenduta, txapara pasatzen da. Bertan, taloak ez du egosi behar, erre baizik", gehitu du.
Muru Aldera bertaratu zirenek aukera paregabea izan zuten jaki horren prestaketan adituak direnen aholku eta sekretuak entzuteko. Ikastaroaren amaieran, ikasitakoa praktikan jarri eta gero, egindako taloa jateko aukera ere izan zuten.
Taloez gain, dardoak
Pagaldai taberna ingurura gerturatzen direnek, taloak jan eta edariak hartzeaz gain, sari ezberdinak lortzeko aukera ere izango dute, Loramendi Elkarteko kide Iriztu Gazte Taldeak dardo postu bat ipiniko du eta. Dardoak jaurtiz, besteak beste, kontserba-produktuak, ardo botilak eta kamisetak irabazi ahal izango dira.
Postua goizeko hamar eta erdietan irekiko dute, eta, hain zuzen ere, sariak agortu arte egongo da zabalik. Dardo bakarra jaurtitzeak euro 1 balioko du eta bostek, 4 euro. Bertan batzen den diru kantitatea elkarteak etorkizunean antolatuko dituen gazte ekintzetara bideratuko dute.