Amsogra gobernuz kanpoko erakundeko kideek hamabost egun egin zituzten Itsasoko Laguntza Humanitarioa elkartekoekin batera errefuxiatuen artean, eta han bizi izan zutenaren berri eman gura dute orain.
Gobernuei exijitu
Errefuxiatuen arazoaren jatorriaren gainean egingo dute berba eta ezagutzera eman zergatik alde egiten duten euren herrialdetatik; izan ere, Agirianok uste du herritarrengana oso informazio gutxi iristen dela. "Horrez gain euren egoera zein den egun jakinaraziko dugu eta Itsasoko Laguntza Humanitarioan zein lan egin dugun erakutsi", dio.
Era berean, uste du gertatzen dabilenaren kontzientzia handirik ez dagoela: "Gero eta zatiketa handiagoa dago. Hemen ez gara konturatzen zer daukagun eta ez dakigu zelan bizi diren gu bezalakoak munduko leku askotan". Eta norberak zer egin dezakeen adierazi du: "Bakoitzak bere gobernuari exiji diezaiola neurriak hartzea, eta lehenbailehen gainera, geroago eta gogorragoa delako errefuxiatuen egoera".
Hitzaldiarekin, gainera, herritarrei ikusarazi gura diete errefuxiatuak bertan daudela eta Europak ez duela ezer egiten: "Beno bai, berotan itzularazi". Herritarren galderak erantzuteko gertu datozela adierazi du, baita horien iritziak eta ekarpenak jasotzeko ere.