Kanpaiek iragarriko dute jaien hasiera eguenean, (18:30) eta ondoren meza izango da (19:00). Bukatutakoan tantaia jasoko dute eta Martin Kabarrixa pertsonaia auzora ekarri.
Egubakoitzean auzo afaria egingo dute (20:30), eta aurreko urteetan baino gutxiago elkartuko dira: "Auzoa triste dago aurten bi auzotar joan zaizkigulako. Hala ere, 35en bat elkartuko garelakoan gaude", jakinarazi du Julen Abasolok.
Emanaldi akustikoa
Zapatuari txistulariek egingo diote ongietorria (10:30) eta eguerdi partean (12:00) meza esango dute Basotxo erretiratuen elkarteko katu taldeak lagunduta.
Meza bukatutakoan Arientzarrok ekitaldia izango da elizan bertan. Orain dela hiru urte hasi zuten Arientzarock emanaldia moldatu egin dute aurten: "Arientzarrok izango da Guztiak gogoan leloarekin, eta rock kontzertua beharrean joandako auzotarrak gogoan izango dituen ekitaldi akustikoa da. Bi kantu abestuko ditugu guztiok elkarrekin", argitu du Abasolok. Ondoren mokadutxoa eskainiko dute auzoko jeneroarekin eta indarrak hartutakoan (13:45) 32. ginkanari ekingo diote. Auzora gerturatzen direnen artean, gainera, Lau t'erdiko pilota txapelketaren finalerako bi sarrera zozketatuko dituzte. Arratsaldean (17:45), ostera, auzoko jolasetan jardungo dute.
Domekan, Kurtzebarrira
Domekan Kurtzebarri Egunarekin egingo dute bat. Iturriko erromaran elkartuko dira (09:30)oinez joango direnak eta tontorrera iritsitakoan auzotarren argazki ofiziala aterako dute (12:00). Martin Kabarrixa tantaitik jaitsi eta etxeratuta (14:00) bukatutzat emango dituzte jaiak.