Azkena tabernatik saihesbidera artean zulatu dute errepidea hodiak sartzeko, eta gero bidegorritik Eskoriatzarantz egingo dute lanekin. "Saihesbidea ez dute moztuko, errepide azpitik pasatuko dituzte hodiak", jakinarazi du Unai Elkoro alkateak.
Behin lanok bukatuta Aretxabaletako eta Eskoriatzako gas sareak lotuta geratuko dira. "Erabiltzaileek ez dute aparteko onurarik igarriko hodi berriekin. Dena den zerbitzu hobea bermatuko duelakoan gaude, batez ere, matxuraren bat gertatuz gero", dio alkateak.
Asfaltatze lanak gero
Lanok bukatzen dituztenean asfaltatu egingo dute Araba ibilbidea. Errepidearen egoera ez da batere ona, eta otsailean onartutako aurrekontuan sartu zuen Udalak lan horien kostua. Orain, irailean, esleituko dituzte lanok, eta gero hasi: "Ea lehenbailehen konpontzen dugun bidea, laster autoan ezingo gara pasatu hortik eta", adierazi du Elkorok.