Golf jokalari aretxabaletarra ez zen faborito moduan joan Santa Marinako (Kantabria) golf klubean asteburuan jokatu den Espainiako txapelketara: "Presio ezan lagun izan dudala esango nuke". Urtean Espainia mailako bi txapelketa antolatzen dira: federazioak antolatzen duena eta PGArena (Golf jokalari profesionalen elkartea). Azken hori irabazi du Galdosek. Hiru egunetako txapelketa izan dira, 18 zulo egunean. Hasieratik jarri zen buruan: "Lehen egunetik lau behera egin nuen eta lehenengo postuan sailkatu nintzen. Ez nintzen hortik jaitsi txapelketa bukatu arte".
Amari eskainia
Espainiako txapeldun izateaz gain, bitxikeria polita ere eman zen txapelketan zehar: "Txapelketako azken eguna amaren eguna zen eta goizean zoriondu nuen. Eskatu zidan txapelketa bera oparitzeko eta bere nahia betetzea lortu nuen. Saria eman zidatenean esan nuen eta badirudi jendeari gustatu zaiola".
Hamar urte profesionaletan
Atzera eginda, gogora ekarri behar da golf jokalari aretxabaletarrak hamar urte daramatzala profesional mailan. Golfaz maiteminduta dago 7 edo 8 urte zituenetik eta asteburu honetakoa izan da bere ibilbideko lorpen handiena: "Lehen aldia da irabazten dudana. Golfa joko zaila da, irabazteko oso erregularra izan behar zara".