Azpimarratzekoa da Bergarako pilotariek Txapelketan zehar egindako lana, kategoria guztietan ordezkaritza izango dutelako finalean. Kontrara, nahiz eta finalak Aretxabaletan antolatuko dituzten, ezingo da herrikiderik Iturrigorri pilotalekuan lehian ikusi. Etzi 10:30ean hasiko dute pilota jaialdia, eta hasteko gazteenen txanda izango da, kadete mailakoena. Hor Bergara eta Oñati izango dira zein baino zein gehiago. Bergarako ordezkariak Etxaniz eta Gartzia izango dira, eta Oñatiko Pereztarren kontra jokatuko dute.
Gazteak, segidan
Gazte mailako finalera, berriz, Bergara eta Arrasate iritsi dira. Arrasate ordezkatuko dute Zubizarretak eta Oterminek, eta Murua eta Llodio bergararrak izango dituzte aurrean.
Goizeko hirugarren partiduan, berriz, senior mailako pilotariak izango dira zein baino zein gehiago. Muguruza eta Iñarra ahaleginduko dira txapelak Bergarara eramaten, baina asmo bera izango dute Soraluzeko Atxotegik eta Boñinagak.