Iñaki San Migel: "Parajeekin gozatzeko lasai joatea da kontua mendian"

Mirari Altube Arrese 2016ko eka. 3a, 18:00
Iñaki San Migel.

Bederatzigarrenez antolatu du Murrukixo mendizale elkarteak mendi martxa. Domekan egingo dute, ekainak 5; 07:00etan da irteera Herriko Plazan, eta izena bertan eman ahal izango da 10 euro ordainduta

Zelakoa da aurten zehaztu duzuen ibilbidea?
Plazatik irtenda Urkulura joko dugu eta handik Ugastegira, baina pista hartu beharrean bide zaharra hartuta. Ugastegiko ermitan hamarretakoa egongo da (8. kilometroa) eta indarrak hartuta Degurixarantz egingo dugu pago artetik, Zaraia mendizerrari itzuliko bideari jarraituta. Degurixa gurutzatu eta Leixargaratera joango gara Alabitako txabola artetik pasatuta. Leixargaraten bigarren hamarretakoa egongo da (16. kilometroa), eta handik Kurtzebarrira eginez, Aretxabaletara jaitsi. Guztira dira ia 27 kilometro.

Zein zailtasun dauka?
Mendian ibiltzen denak ez du inolako zailtasunik izango. Orain dela bi urtekoak aldapa handi bat zeukan hasieran; aurtengoa ez da hain gogorra. Eta behin gora igota, gainerakoak ez dauka zailtasunik, joan egin behar.

Zatirik gogorrena zein dela esango zenuke?
Eguraldiak baldintzatuko du hori. Ugastegira doan bide zaharrean errekatxo bat pasatu behar da, euria eginez gero labainkor egon daiteke inguru hori… Eta Basobaltz izeneko pagadian bidea topatzea ez da samurra, hortaz, ondo seinaleztatu beharko dugu inor ez dadin galdu; izan ere, despistaturen bat beti egoten da… Eguraldi oso txarra eginez gero, seguru asko ibilbidearen tarteren bat edo beste aldatu egingo dugu.

Zalantzarik gabe ibilbide polita izango da, ezta?
Bai horixe. Degurixa berez da paraje polita, eta ibilbidearen zati handi bat gainera, pagadi artean egingo dugunez ederra izango da. Hori bai, kontua da lasai joatea inguru dotore horrekin guztiarekin gozatu ahal izateko… Eta ez korrikan, nondik pasatu diren ere ez dute jakiten gero lasterkari horiek.
Zenbat lagun espero dituzue domekan, irteera gunean?
Ez dakit, 200 lagunen bueltan ibili izan gara, 100 inguruan ere bai… Eguraldiak zeresan handia du horretan ere. Eguraldi onarekin, zalantza barik, gehiago gerturatuko dira.

Etorri izan direnek beti gustura egin izan dute, ezta?
Bai, bai; sekula ibili gabeko leku batetik pasatu izan direlako, ordura arte zapaldu gabeko tontor bat edo bide bat ezagutu dutelako… Gure helburua hain zuzen hori ere bada, bide zaharrak berreskuratzea eta herritarrei ezagutzera ematea galdu aurretik.

Mendirako zaletasuna gero eta handiagoa da, ala?
Bai, hala da; mendi martxak, mendi lasterketak… Baina 30 kilometrotatik beherako probak askok ez dituzte gura izaten. Gu, ostera, proba herrikoien aldekoak gara.

Bi urtean behin antolatzen duzue martxa; hurrengoa hamargarrena…
Bai, hala da; eta handik aurrerakoak ikusi egin behar… Ardura handia da, antolaketa lan asko, burukomin ugari… Egia da laguntzaile asko izaten ditudala inguruan, baina ardura gehientsuena neuk daroat, eta benetan nekagarria da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak