Dantza aste bukaera arrakastatsua egin dute Aretxabaletan

Leire Kortabarria 2016ko mai. 29a, 17:10
Dantza integratu ikuskizuna.

Dantza Astearen lehenengo egunak ezin hobeto joan dira. Lehenengoz antolatu zutenetik hiru urte pasa eta gero, indarberrituta etorri da Jaikiren ekimen hori. Zapatuan, egun osoan izan ziren ekintzak, eta aretxabaletar piloak parte hartu zuten. Bereziki eman zion atentzioa jendeari dantza integratu ikuskizunak; dantza egiteko muga fisiko zein psikikorik ez dagoela erakutsi zuten dantzariek.

Goizean, hainbat ikastaro egin zituzten; ume eta helduendako hip-hop ikastaroa (bereziki arrakastatsua izan zen 8 eta 14 urte artekoena), swing eta kontakt inprobisazioa. "Helburua zen askotariko dantzak antolatzea, jendeari dantza desberdinak probatzeko aukera emateko", diote Jaiki taldeko kideek, eta azpimarratzen dute guztietan osatu zirela taldeak.

Eguerdi aldera, jam inprobisazio dantzaldia egin zuten, goizean ikasitakoa erakusteko. Arratsaldean, marrazketa eta mugimendu tailerra izan zuten kuartelean; gero, dantza ikuskizunak eta Rueda Cubana delakoa; bukatzeko, DJak. Denetara, bost ikuskizun izan ziren eta jende asko joan zen ikustera, eta parte hartzera ere animatu ziren.

Mugarik gabe

Jendeak oso gustura hartu zuen dantza integratu ikuskizuna, Donostiako bi talderen eskutik. Desgaitasunak dituzten dantzariek eta desgaitasunak ez dituztenek dantza egiten dute, erakusteko mugarik ez dagoela eta gogoa bakarrik behar dela dantza egiteko.

Jaiki taldeko kideek diote "egun polita" izan zela, eta eskertzen dute eguraldi txarrik ez zuela egin eta ikuskizunak kalean egin ahal izan zirela.

Haur Dantzarien Eguna ospatu dute domekan

Domekan, Haur Dantzarien Eguna ospatu zen, Leizarra musika eskolako taldeko, Arrasateko Lore Gazteak eta Txikitxu, Antzuolako Oinarin eta Soraluzeko Urrats taldeko dantzariekin. Guztira, ia 200 umek hartu dute parte eta antolatzaileak oso pozik gelditu dira: "Oso ondo joan da guztia. Goizean eguraldiarekin zortea izan dugu, eta euririk ez duenez egin, kalean ibili gara kalejiran. Justu umeak bazkaltzeko banatzen ari ginela sekulako zaparrada bota du 14:30ak inguruan, eta ikusita eguraldia aldakor zegoela, badaezpada arratsaldeko alardea frontoian egin dugu. Jende asko izan da ikusten eta oso pozik gelditu gara", adierazi du Leizarra musika eskolako zuzendariak.

Erlazionatuak

Dantza Asteko aste bukaera

Leire Kortabarria 2016 mai 29 Aretxabaleta

Haur dantzarien eguna Aretxabaletan

Amaia Txintxurreta Guridi 2016 mai 29

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak