Hona hemen ordutegia: astelehenetik egubakoitzera, 18:30etik 20:30era; eta zapatuetan, 11:00etatik 14:00etara. Pagaldaixenean dago hautetsontzia eta handik pasatu behar da. Auzoetara ere iritsi gura dute Erain Debagoieneko kideek; domekan, maiatzaren 29an, joango dira.
Domekan, gainera, Urkulura bizikleta martxa egingo dute. Bergaratik, Arrasatetik, Oñatitik eta Eskoriatzatik etorriko dira; Aretxabaletan elkartuko dira guztiak Urkulura igotzeko. Oinez eta autoz ere joan daiteke eta han gutun erraldoia irudikatuko dute.
Bertsolariak ekainaren 3an
Lekaixoka bertso eskolak ere bat egin du Erain Debagoienarekin, eta ekainaren 3rako antolatu duten ikasturte bukaerako jaia Pagaldaixenean izango da, 19:30ean. Nerea Elustondo (Legazpi, 1981) eta Aitor Sarriegi (Beasain, 1976) bertsolariek girotuko dute ekitaldia.
Galdeketa eguna
Aretxabaletako lantaldeak gertu dauka ekainaren 5eko egitaraua. Pagaldaixeneko ateak –hauteslekua– zabaltzearekin batera jai giroa nagusituko da herrian; izan ere, txistulariek, trikitilariek, gaitariek, buruhandiek eta beste hainbatek jardungo dute kaleetan gora eta behera. Hala, herritarrak animatu gura dituzte botoa ematera.
Herri bazkaria ere izango da. Mitarte kalean jarriko dituzte mahaiak eta paella gertatuko dute guztiendako. Txartelak dagoeneko salgai daude honako taberna hauetan: Bedarreta, Orly, Gurea, Kixkor, Haizea, Urbaltz eta Eguzki. Prezioa da 10 euro helduendako, eta 6 euro, umeendako; erosteko azken eguna izango da ekainaren 1a.
Egitaraua osorik:
- 09:00 Txupinazoa eta mahaien irekiera
- 09:30 Diana txistulariekin.
- 11:00-14:00 Puzgarriak.
- 11:30 Trikitilariak.
- 12:30 Kantu poteoa.
- 13:30 Lekaixokaren eskutik bertso saioa.
- 14:30 Herri bazkaria, Mitarte kalean.
- 17:00 Street boulderra.
- 17:30 Gaitariak eta buruhandiak.
- 18:00 Trikitilariak.
- 18:00 Bolo txapelketa.
- 19:00 Abesbatzaren emanaldia.
- 20:00 Mahaien itxiera.