Dantzarekin gozatzeko proposamena

Aretxabaletako Jaiki elkarteak, besteak beste, Kontakt dantza egiten du.

Dantza zaletasuna kalera ateratzeko helburuarekin, Dantza Astea antolatu du Jaiki elkarteak, Udalaren eta herriko askotariko dantza taldeen laguntzarekin. Erakustaldiak, tailerrak eta ikastaroak egingo dituzte maiatzaren 28tik ekainaren 3ra bitartean.

"Ezinbesteko laguntza eman digu Udalak eta Aretxabaletako dantza taldeen parte hartzea ere erraz eskuratu dugu; beraz, gurekin batera izango dira: tango taldea; Basotxoko erretiratuen areto dantza taldea eta plaza dantza taldea; Bio-dantza taldea; eta Leizarra musika eskolako dantza taldea", azaldu du Maier Etxebarriak, Jaiki elkarteko kideak. 

Adin eta zaletasun guztiendako egitaraua prestatu dutela dio Etxebarriak: "Dantzak adin guztietako pertsonak batzen gaitu eta, era berean, dantzak onura handiak ematen dizkio gure izateari: gorputza eta arima arintzen laguntzen digu; trebetasunak eta malgutasuna lantzeko baliagarria da, arnasketa sakonagoa lortzeko ere balio du; neke eta minak arintzen ditu... Aukeratutako dantzaren arabera, arlo ezberdinak lantzen dira", gaineratu du Etxebarriak. 

Estilo askotako erakustaldia 

Maiatzaren 28an dantza dastaketa zabala izango da. Herriko taldeez gainera, dantzari profesionalak ere gonbidatu dituzte Aretxabaletara: "Donostiako Kolorearekin elkarte artistikoak dantza integratua zer den erakutsiko du; hau da, desgaitasuna duten eta ez duten dantzariek osatzen duten dantzari buruz ari gara dantza integratuaz berba egiten dugunean. Sergio Nguema aktore, dantzari eta abeslariak hip-hop dantza ekarriko du; kaleko dantzetan eskarmentu handia du Euskal Herrian eta baita nazioartean ere. Gasteizko Paula de la Fuente eta Aiala Lareinak, berriz,  lindy hop dantza erakutsiko dute. 20ko hamarkadan, swingaren erritmoaz hainbat dantza estilo dantzatzen zituzten AEBetan; besteak beste, charleston, texas tommy eta cakewalk-a. Bada, dantza horien arteko nahasketarekin eta beste hainbat elementurekin sortutakoa da lindy hopa", dio antolatzaileak.  

Horiez gainera, kontakt edo inprobisazio dantza, Kubakoak eta ekialdeko dantzak ere bertatik bertara ikusteko aukera izango da. Munduko dantzarik zaharrenetakoa da Gasteizko Milenak erakutsiko duen sabel dantza; naturaren adorazioa du oinarri.   

Aurrez izena eman behar da

Aipatutako dantza horiek guztiak ikasi edo probatzeko bidea emango dute prestatutako ikastaro eta tailerrekin. Parte hartzeko, aldez aurretik eman behar da izena jaikielkartea@yahoo.es helbidera idatzita edo 659 35 92 21 telefonora deituta. 

Dantza astearen egitaraua

  • Maiatzak 28

09:30 Dantza ikastaroak eta tailerrak (hip-hopa, swinga eta kontakt inprobisazioa). Kiroldegian eta kultura etxean. Aurrez izena eman behar da.

13:00 Jam-Ñam dantzaldi inprobisatua eta ondoren parte hartzaileendako luntxa Herriko Plazan.

16:45 Marrazketa eta Mugimendu tailerra Laia Bedosen eskutik, kuartelean. Gaztelekuko nerabeentzat.

18:00 Dantza ikuskizunak Durana kalean (hip-hopa, dantza integratua, ekialdeko dantza eta lindy hopa)

19:30 Kubatar dantzak, Mitarte kalean.

23:00 DJak herriko tabernetan

  • Maiatzak 29

Haur dantzarien eguna.

Egun osoan zehar Debagoieneko dantza taldeen erakustaldia, Leizarra musika eskolakoen eskutik.

  • Maiatzak 30

18:15 Dantza inprobisazioa, ate irekiak, kuartelean.

  • Maiatzak 31

18:00 Areto dantzak, Basotxo elkartearen eskutik, Herriko Plazan.

18:30 Biodantza, kuartelean.

  • Ekainak 1

18:00 Plaza dantzak, Basotxo elkartearen eskutik.

19:00 Tango erakustaldia, Herriko Plazan.

  • Ekainak 2

19:00 Dantza-Zine kluba: Pina Bausch filma eskainiko dute, Arkupen.

  • Ekainak 3

17:00 Lodotekakoak dantza egingo dute kalean.

18:00 Gazte txoro dantza festa kalean.

19:00 7x7 Jaiki elkartekoen erakustaldia eta Izaskun Lapazaren Hau izaki bitxia ikuskizuna, Durana kalean.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.