Gazteendako antolatutako jolasekin hasiko dute eguna eta ondoren, Auzoko egitasmoko kideek hartuko dute txanda: "Dastatzeko produktuak jarriko ditugu, eta datorren astean Oñatin egingo duten Auzoko egunerako beroketa izango da", jakinarazi du Irati Urkiak, Loramendiko dinamizatzaileak.
Herri bazkaria Kurtzebarri eskolako pistan egingo dute. Txartelak Gurea eta Urbaltz tabernetan eta Loramendin dituzte salgai; bazkideek eta ikasleek, 16 euro eta gainerakoek 19 euro: "Aurten ere herriko elkarteek gertatuko digute okela gisatua", adierazi du Urkiak.
Bolo txapelketa eta elektrotxaranga
Bazkalostean bertso paperak izango dituzte, eta ostean, karta jokoak eta bolo txapelketa. Bost euro ordaindu beharko da bolotan egiteko, eta sariak izango dira honako hauek: lehenengoak, jasotako diruaren %40; bigarrenak, diruaren %30; eta hirugarrenak, %20; baita Aretxartekoek emandako 20 euroko bono bana ere.
Arratsalde partea dantzek girotuko dute. Urtero legez Larrain dantza egingo dute herritarrek Durana kalean gaitariek lagun eginda, eta ondoren, Ttek! elektrotxarangak doinu dantzagarriekin beteko ditu kaleak.
Egitaraua osorik
- 11:30 Ginkana eta jolasak gazteekin, plazan.
- 12:00 Auzoko egitasmoko kideekin dastaketa, plazan.
- 13:00 Trikipoteoa plazan hasita.
- 14:30 Herri bazkaria Kurtzebarri eskolako pistan; ondoren bertso paperak.
- 17:00 Bolatokian karta jolasa.
- 18:00 Bolo txapelketa.
- 19:30 Larrain dantza, Durana kalean.
- 20:00 Ttek! elektrotxaranga.
Hiruatxek postua eta parrilada
Urtero legez, Hiruatx elkarteak bidezko merkataritza postua jarriko du goiz partean (10:00-14:00), Herriko Plazan.
Arratsaldean, ostera, Ekuadorrekin egingo du bat eta han izandako lurrikararen ondorioz kaltetutakoei laguntzeko parrilada jarriko du Mitarte kalean (18:00-21:00). Haragia eskainiko dute jateko eta jasotako dirua Ekuadorrera bidaliko dute.