Gaztetxoenek jolas parkeak aztertu dituzte eta hobekuntza askoren beharra dutela ondorioztatu. Berdegune gutxi dagoela horietan adierazi dute, eta gainera, txakur kakak daudelako ezin direla ibili daudenetan.
Bigarren mailako ikasleek Kurtzebarri eskolako jolastokia behatu dute, eta besteak beste jaso, zakarrontziak eta eserlekuak zahartuta daudela, bolatokia oso zikin, eta pilotalekuak itoginak eta argiztapen hutsuneak dituela.
Aitona-amonak bizitzeko herri egokia den ere aztertu dute Lehen Hezkuntzako ikasleek, eta horretarako hainbat hobekuntza behar direla jaso dute: zebrabideak egokitu eta herriko eskaileratan barandak jarri, esaterako.
Genero ikuspegia
Derrigorrezko bigarren hezkuntzako ikasleek, ostera, genero ikuspegia landu dute eta behatu emakumeek eta gizonek presentzia berdina duten Aretxabaletan; 36 urtean bi emakume izan direla alkate jaso dute.
Bestetik, herriko hainbat bazterretako segurtasuna ere ikertu dute, eta deseroso sentitzen diren tokiak identifikatu. Udal ordezkariei jakinarazi zieten bidegorrian eta skate parke inguruan argi gutxi dagoela, eta pilotalekuaren eta komentuaren atzealdeetan erabilera desegokia antzeman dutela.