Bidaietan izandako esperientziak partekatzeko eta herrialde eta bidaiatzeko modu ezberdinak ezagutzera emateko asmoarekin, laugarrenez deitu du Ostegun Bidaiariak ekimena Udalak, Arteman Komunikazioaren laguntzarekin. Datozen lau eguenetan bidaien gaineko diaporamak eskainiko dituzte herriko lau tabernetan, eta ikusleek bozkatu egingo dituzte horiek. Hala, boto gehien jasotako kontalariak 100 euroko saria izango du.
Nagore Uriarte aretxabaletarrak hasiko du ekimena datorren eguenean, Paulaner tabernan (21:30), eta penintsulako bizi eredu alternatiboen gainean jardungo du. Hainbat ekoaldea eta bizi-eredu ezagutu ditu Uriartek azken bi urteotan, besteak beste, Almenrian, Malagan, Monsanten, Tarifan eta Nafarroan.
Hilaren 26an Eider Murgoitioren txanda izango da; ekainaren 2an, Irune Gabilondo eta Itziar Perez bergararrena; eta ekainaren 9an, Jone Ojeak jardungo du.