Albaceteko Caudete herriko Santa Cecilia musika eskolako kideak eta Letoniako Marupe herrikoak etorriko dira egubakoitzean, Aretxabaletara: "17:00etan egingo diegu harrera taldeei, eta ondoren, Unai Elkoro alkateak hartuko ditu udaletxean", jakinarazi du Mariatxen Urkiak, Leizarra musika eskolako zuzendariak.
Herriko Plazan (euria eginez gero Iturrigorri pilotalekuan) 18:00etan elkartuko dira Leizarra musika eskolako kideekin batera; honako hauek izango dira: banda, abesbatza, konbo taldea, dantzariak eta Loramendi txistulari taldea. Agurraren ostean Europako ereserkia joko dute elkarrekin, eta, talde bakoitzak egindako saioen ondoren, Emusik jaialdirako asmatutako Musikatu bizitza kantua joko dute.
Zapatuan, Alemaniakoak eta Suitzakoak
Zapatuan, beste bi talde etorriko dira: Alemaniako Waldshut Tiengen herriko musika eskolako kideak eta Suitzako Gelterkinden eskolakoak. 11:00etan egingo diete harrera, eta ondoren alkatearen ongietorria jasoko dute udaletxean. Kontzertua 12:00etan izango da plazan (edo pilotalekuan). Oraingoan ere Europako ereserkia joko dute lehenengo guztiek elkarrekin eta gero etorriko dira Alemaniakoen saioa, Suitzakoena eta hirugarren, herrikoena. Ekitaldia bukatuko dute, oraingoan ere, Musikatu bizitza kantuarekin.
Emusik jaialdia agurtuko dute zapatu iluntzean, Donostian egingo duten festarekin.