Herri galdeketa

"Etorkizuna gazteona da; geuk ere erabaki dezagun zer gura dugun"

Mirari Altube Arrese 2016ko api. 29a, 13:04

Ibai Zangitu eta Joseba Urzelai, Durana kalean.

Datorren eguaztenean emango diote bukaera sinadura bilketa kanpainari Aretxabaletako Gure Esku Dago lantaldeko kideek, eta pozik daude aretxabaletarrek emandako erantzunarekin; izan ere, 1.200 sinadura jaso dituzte. Ibai Zangituk eta Joseba Urzelaik azaldu dute guztia.

Gaur, egubakoitza, ere badago sinatzeko aukera, eta hori girotzeko Donostiatik datorren Ion Martinez Txiki-ren bakarrizketa saioa izango da Pagaldaixenean, 20:00etan.

Zelan joan da sinadura bilketa?
Ibai Zangitu: Oso ondo! Aretxabaletan 650 behar genituen baina gure erronka izan zen 1.000 jasotzea; baita lortu ere. 1.200 inguru goaz (eguaztenean) eta azken egunok ere probetxuzkoak izatea espero dugu.

Sinatzaileen gehiengoaren irudia zein da?
I. Z.: Helduek eta nagusiek bikain erantzun dute; gazteak dira dinamika honetara gutxien hurreratu direnak. Gazteengana iristeko gaude oraindik, eta Gure Esku Dago-ren bueltan orokorrean gertatzen dabilen kontua da; helduak dabiltza bileretan, ekitaldietan… Baina etorkizuna gazteona da! Hortaz, gazteok erabaki beharko dugu ba zer gura dugun, ezta? Horregatik azken ekitaldiak horiei begira antolatu ditugu, kontzertua eta bakarrizketa saioa, hain zuzen.

Zergatik animatu beharko lirateke herritarrak sinatzera?
Joseba Urzelai: Gure eskubidearen aldeko aldarrikapen bat egiten gabiltza, Euskal Herriaren egoerari buelta erdia eman gura diogu.
I.Z.: Herri bat garen heinean gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugu. Zer izan gura dugun geuk erabaki gura dugu, ez diezagutela kanpokoek inposatu. Hemen bizi garenok elkarrekin erabaki dezagun hori.

Sinadurak jasotzeko orduan elkarteen laguntza izan duzue, ezta?
J. U.: Bai, guztiak eskertu gura ditugu; izan ere, gastronomia elkarteek pintxoak egin dizkigute eguaztenetako pintxo-poterako.
I.Z.: Aretxartek, ostera, zozketarako saria eman digu. Hortaz, eskerrik asko guztiei!

Zeintzuk bozkatu ahal izango dute ekainaren 12an?
I. Z.: Aretxabaletan erroldatuta dauden eta 16 urte beteta dituzten guztiek.
J. U. :Kontuan hartu behar dena da nortasun agirian agertzen den bizilekua ez bada Aretxabaleta, nahiz eta hemen egon erroldatuta, udaletxean eskatutako errolda agiria aurkeztu behar dela.

Sinatu ez dutenek ere bozkatu ahal izango dute, ezta?
J.U.: Bai, horixe! Sinadurak beharrezkoak dira galdeketa egin ahal izateko baina garrantzitsuena bozkatzea da.
I.Z.: Jai egun handi bat izango da ekainaren 12a eta hainbat ekitaldi antolatuko ditugu. Emaitzaren gainetik parte-hartzea izango da garrantzitsuena. Bideak pausoz pauso egiten dira eta pauso garrantzitsua emango dugu orduan. Poliki-poliki aurrera goaz!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak