Iñigo Salinero eta Alazne Etxeberria bakarlarien kontakizunek barre algarak eragingo dituzte Arkupera hurreratutakoen artean. Halaxe diote eurek: "Ikuskizun azkarra, freskoa, etenik gabea… Gimnasioak, kotilleoa, txinatar dendak, gizon eta emakumeen arteko harremanak edota etxeko animaliak aitzaki bihurtzen dira Stand up comedy estiloa taularatzeko, baina oraingo honetan gure erara". Aktore ondo ezagunak dira, gainera, biak Allí abajo telesailean dabiltza eta.
Bakarrizketen aldeko apustua egin du Udaleko Kultura Sailak azken hilabeteotan, eta pozik dago herritarren aldetik izan duen erantzunarekin.
'Inun' bakarlaria, martitzenean
Martitzenean, hilaren 26an, ostera, Inun bakarlaria izango da Arkupen, 19:30ean (sarrera, 4 euro). Mikel Inuntziaga kantagilea era askotako proiektuetan murgilduta ibili izan da hainbat musikarirekin elkarlanean. Eta 2014ko maiatzean pop estiloko Berreginez izeneko lehen diskoa kaleratu zuen bakarlari gisa.
Ordutik Euskal Herriko hainbat tokitan egin ditu zuzenekoak musikari bizkaitarrak, eta aurten bigarren diskoa kaleratzeko asmoa agertu du besteak beste Miren Agur Meabe, Itxaro Borda, Bernardo Atxaga eta Karmele Igartua aretxabaletarraren poemak musikatuta. Oraingoan Aretxabaletara gerturatuko da gitarra aldean hartuta.