Galdetegia aitzakia hartuta 40 bat gazte elkartu ziren herrirako zer gura duten zehazten hasteko. Garrantzitsutzat jo dute galdetegia bete duten gazteen kopurua, 152 hain zuzen ere. Herrian espazio baten beharra dutela dioten gazteak ere asko izan dira, %76,31.
Era berean, beste hainbatek esan dute parte-hartzea handiagoa izatea gurako luketela. "Datuok aurkeztu bitartean beste hainbat gai interesgarriren gainean ere hausnartu genuen egubakoitzean elkartutakook, besteak beste etxebizitza, emantzipazioa eta lan merkatuaren egoera gaur egun", jakinarazi dute Gazte Ekimeneko kideek.
Lantaldeak eratzen
Beste kontu batzuk ere izan zituzten berbetarako gai: "Parte hartzearen inguruan luze mintzatu ginen eta gazte mugimendua indartzeko gogoa eta beharra erakutsi zuten bertaratuek", azaldu dute eta gaineratu: "Horretarako, ezinbesteko ikusten dugu bakoitza bere intereseko esparruan jardutea". Herrian duten espazio beharra ere aztertu zuten: "Horren harira, gaztetxearen kontuen inguruen egin genuen berba, eta udaletxe zaharrean elkartutako guztiok bat etorri ginen horrekin".
Hori horrela, lan talde ezberdinak sortzea interesgarria litzatekeela iritzi zioten eta hainbat aipatu zituzten: "Aisialdia, euskara, etxebizitza, jaien antolaketa eta ekintza zehatzen antolaketa, besteak beste".
Horren guztiaren gainean berba egin eta forma ematen hasteko eta gaztetxearen prozesuari hasiera emateko, bigarren bilera bat egingo dute gaur, apirilak 22, 18:00etan udaletxe zaharrean: "Anima zaitezte gazteok, etorri eta parte hartu gurekin batera".