Hona hemen, Aretxabaletako Udalak bidali duen oharra erailketa hori gaitzesteko:
"Haserre ez, oso haserre gaude. Beste behin ere, emakumeon aurkako indarkeria kasu baten aurrean gaude. Hasteko gure gaitzespen osoa eta salaketa irmoa adierazi nahi dugu eta bidez batez Natalie Van Dut-en senitarteko eta lagunei beren saminean bat egiten dugula eta gure babesa adierazi nahi diegu.
Erailketa da gaur egun, emakume eta gizonen arteko ezberdintasunaren adierazgarri latz eta gogorrena. Emakumeen kontrako biolentziarekin bukatzeko biderik eraginkorrena berdintasuna lortzeko lan egitea da zalantzarik gabe.
Guk, Aretxabaletatik jendarteari dei egiten diogu honelako indarkeria kasuen aurrean sentitzen duten gaitzespena adierazteko eta biolentzia honen aurka antolatzeko. Bide batez gogorarazi nahi dugu indarkeria mota hau emakumeen kontrako mehatxu tresna bat dela, egun errotuta dauden genero arauak aldatu ez daitezen.
Kontziente gara, emakumeon aurkako indarkeriak ez duela etenik, dagoeneko aurten, Euskal Herrian 2 dira indarkeria matxistak eraildakoak. Lehena Gasteizen gertatu zen, eta bigarren hau Bidarten.
Dena den, ezin dugu ahaztu, biolentzia matxistak aurpegi asko dituela; emakumeen aurkako eraso fisikoak, bortxaketak, oihuak, mehatxuak, hilketak, publizitate sexista, mikromatxismoak, homofobia, lesbofobia, transfobia.… guztiak dira biolentzia matxista, guztiak dira jendarte patriarkal eta matxista baten refleju.
Emakumeon ahalduntzea, berdintasun politiketan inbertitzea eta guztion konpromisoa nahitaezkoak dira, berdintasunean eraikitako herria lortzeko".