Gaur arratsaldean, sail ofizialeko hamar finalisten lanak proiektatu dituzte Arkupen, eta horren ostean, iluntzeko zortziak inguruan, irabazleen izenak aditzera eman eta sariak banatu dituzte.
Sari banaketa ekitaldiaren hasieran Mondragon Unibertsitateko ikus entzunezko arloko koordinatzaile Andres Gostinek esan du aurtengo edizioa "ikus entzunezko komunikazioko bederatzigarren promozioaren balioa erakusteko tresna egokia" izan dela. Era berean, jaialdiaren helburuetako bat "bailaran kultura hedatu eta sustraitzea" dela nabarmendu du.
Mondragon Unibertsitateko ikasleek eurek antolatzen dute Huhezinema jaialdia, Iban del Campo koordinatzailearen gidaritzapean, eta urtez urte ospea irabazten doan ekimena da.
Sail ofiziala
Aitor Gametxo zuzendari lekeitiarraren Bere bizitzetako bat film laburra izan da aurtengo irabazlea. Zuzendaria bera ezin izan da gaur Aretxabaletan izan, Bartzelonan bizi delako, eta bere partez bere arrebak jaso du Goiena saria Oihane Agirre Goiena Komunikazio Taldeko telebista zuzendariaren eskutik.
Film labur horrek kontatzen duen istorioan, Parisera bidaiatu duen zinegile amateur batek grabatutakoa eta idatzitakoa agertzen da, bere lagun minenari bidaltzen diona.
Sail ofizialeko ikusleen saria, berriz, Axier Salazar zuzendariak jaso du, Dantzariak lanagatik. Salazarrek esker oneko hitzak esan ditu antolatzaileentzat zein bere lanaren alde bozkatu duten guztientzat.
Ez da baina, gaurkoan Salazarrek jaso duen sari bakarra izan, Vertigo saria ere lan berari eman diote-eta. Diru laguntza publiko barik egindako lanik onenari ematen diote sari hau.
Basque Culinary saila
Gastronomiarekin lotutako lanen atalari dagokionean, Menzzi Txispas sukaldean lanari esker irabazi dute Basque Culinary saria Ander Mendizabalek eta Jon Garatek.
ikusleen Basque Culinary Center saria, berriz, Jon Camporen Nahikua eta soberan lanak irabazi du.
MUko ikasleen saila
Mondragon Unibertsitateko ikasleen sailean, dokumental onenaren saria Irati Elortondok jaso du, Amaren izenean lanagatik.
Fikziozko lanik onenaren saria, berriz, Jon Garate eta Xabier Aztiria zuzendariek jaso dute, Zurea laburmetraiagatik.
Bukatzeko, sail honetako ikusleen saria Triangeluak lanarentzat izan da, Ibai Iregik zuzendua.
Saritu guztiak
- Basque Culinary saila, Ikusleen saria: Nahikua eta Soberan (Jon Campo)
- Basque Culinary saria: Menzzi Txispas (Ander Mendizabal eta Jon Garate)
- MUko saila, Ikusleen saria: Triangeluak (Ibai Iregi)
- MUko ikasleen saila, Fikzio onena: Zurea (Jon Garate eta Xabier Aztiria)
- MUko ikasleen saila, dokumental onena: Amaren izenean (Irati Elortondo)
- Sail ofiziala, Ikusleen sariar: Dantzariak (Axier Salazar)
- Sail ofiziala, Vertigo saria: Dantzariak (Axier Salazar)
- Sail ofiziala, Goiena saria: Bere bizitzetako bat (Aitor Gametxo)