Ortzadarraren koloreak datoz dantzarien eskutik gaur, Herriko Plazara

Mirari Altube Arrese 2016ko mar. 18a, 13:36
Leizarra musika eskolako dantzariak eta txistulariak.

Ortzadar Jaia egingo dute gaur, egubakoitza, Leizarra musika eskolako kideek, 18:00etan, plazan (euria eginez gero, Iturrigorri pilotalekuan). Gaztetxoen abesbatza, dantzariak eta txistulariak elkartuko dira euskal dantzei eskainitako ekitaldi dotorean.

"Azken urteotan musika eskolakoen ekitaldiarekin hasi izan ditugu Aratusteak, baina aurten ez dugu egin ekitaldirik Santa Ageda egunarekin batera izan zelako", jakinarazi du Mariatxen Urkiak, Leizarrako zuzendariak. Orduan atzeratutakoa dator orain, eta jaialdia Aratusteei eskaini beharrean udaberriari eskainiko diote: "Dantzako ikasle guztiek hartuko dute parte eta talde bakoitza kolore ezberdineko kamisetekin agertuko da; hortik dator Ortzadar Jaia". Hori horrela, euskal dantzen saioa izango da txistulari taldeak lagun eginda.

Emusik jaialdirako entsegua

Maiatzeko lehen aste bukaeran Emusik 2016 jaialdia izango da Donostian eta baita Aretxabaletan ere. Europako hainbat musika eskolek hartuko dute parte ekimen horretan, Leizarrak besteak beste. Eta ordurako entseguekin dagoeneko hasita daude: "Pello Joxepe abestia ikasten gabiltza eta Ortzadar Jaian eskainiko dugu entsegu moduan. Maiatzean bandak ere hartuko du parte baina oraingoan txistulariek eta dantzariek egingo diote lagun gaztetxoen abesbatzari", argitu du Urkiak.

Gaztela Mantxa, Lituania, Suitza eta Alemaniako abesbatzak gerturatuko dira maiatzean Aretxabaletara Emusik jaialdiaren barruko ekitaldiak eskaintzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak