UDAk 70 urte: iragana oroituz etorkizuna lantzen

Mirari Altube Arrese 2016ko mar. 18a, 08:00
1972ko pilotariak, 1954ko ziklokros txapelketa, 2014-2015 denboraldi aurkezpena eta zuzendaritza taldea.

Pausoz pauso, lan eta lan, 70 urte beteko ditu aurten Aretxabaleta kirol elkarteak. Zuzendaritza batzordeko kideek kirolariekin ez ezik, herritar guztiekin batera ospatu gura dute urteurrena, "UDA herri sentimendu bat" delako.

UDA izenik ere ez zuen 1946ko irailaren 15ean lehen partidua jokatu zuen talde batek, Juventud Deportiva Aretxabaletak. Hurrengo urtean, 1947ko martxoaren 15ean, sinatu zituzten elkartearen estatutuak eta Aretxabaleta kirol elkartea eratu. Herritik sortutako elkartea izanik kiroletik harantzagoko ekitaldietan parte ere hartu izan du. Hala, 1947tik 1970era bitartean Andramaixak antolatu zituen, jai dotoreak antolatu ere.

900 bazkide, 420 kirolari

Futbol taldearen bueltan sortutako elkartean futbolak indar handia izan du beti. Baina pilota ere ez zen atzera geratu sasoi hartan. Geroago sortu ziren ondorengoak: Mendi Saila 1947an, eta txirrindularitza eta atletismoa 1948an. "Pilotak, atletismoak eta txirrindularitzak izugarrizko indarra izan zuten hainbat urtetan, eta kirolari bikainak sortu ziren", jakinarazi dute zuzendaritza taldeko kideek. UDAk hain zuzen, hartu zuen Andramaixetako txirrindulari lasterketaren ardura 1948an. "Lasterketa hori 1932an egin zen lehenengoz eta Espainiako itzulia baino zaharragoa da", diote.

Sail horietako batzuk desagertu egin dira urteotan, eta beste batzuk sortu, areto futbola, karatea eta gimnasia erritmikoa, esaterako. Hala ere, sasoi baten izandako sail haiek ez dituzte erabat ahaztu gura, eta horren adibide, Dorletako Ama txirrindularitza eskolarekin elkarlanean jarduteko agertu duten gogoa.

Gaur egun 900 bazkide inguru ditu eta 420 kirolari: futbolean, 350; areto futbolean, 20; pilotan, 36; karatean, 20; eta gimnasia erritmikoan, 30. "Futbol talde nagusiena hirugarren mailan egotea ez da nolanahiko lorpena, baina era berean handiak dira areto futbolekoak Euskal Ligan jokatzea eta karatekek lortzen dituzten garaipen guztiak", diote. Eta azken urteotan ahalegin berezia egiten dabiltza emakumeen kirola sustatzeko: "Plan estrategikoko ildo nagusietako bat da, emakumeen inplikazio eta presentzia kirolean areagotzea. Horren erakusgarri dira frontenis txapelketa antolatzea, areto futboleko taldea sortzeko ahalegina eta gaztetxoekin futbolean egiten gabiltzan lana".

Armarria eta ereserkia berritu

Abendura bitartean ekitaldi mordoa egingo dituzte, hilabete guztietan bat edo beste. Eta nobedadeak ere iragarri dituzte: ereserkia berritu egingo dute herriko hainbat musikarik; armarria birdiseinatzeko lehiaketa deituko dute; eta ziklokrosaren gaineko dokumentala egingo dute, "haren garrantzia agerian uzteko". Iragarritako ekintzez gain sail bakoitzari dagokion ekitaldi bereziak ere egingo dituzte.

Urtea bitarteko egitaraua

Martxoa

  •  Urteurrenaren hasiera.
  •  Armarria berritzeko lehiaketa deia.

Apirila

  •  Saiheski dastatzea.
  •  Gizonezkoen 24 orduko frontenis txapelketa.

Maiatza

  •  Gipuzkoako areto futboleko maila guztietako finalak.

Ekaina

  •  Kirolez busti ekimena.
  •  Armari lehiaketaren sari banaketa.
  •  Ibarrako paretak grafitiekin apaintzea.
  •  UDAko historikoen afaria.

Uztaila

  •  UDAko beteranoen arteko partidua.
  •  Kuadrillen arteko futbol txapelketa.
  •  Udako futbol kanpusa.

Abuztua

  •  Andramari jaietako 78. txirrindulari lasterketa.
  •  Andramari jaietako pilota partidua.

Iraila

  •  UDAko ereserki berrituaren aurkezpena.
  •  Kirolarien denboraldi aurkezpena.
  •  BTT martxak.

Azaroa

  •  Frontenis txapelketa mistoa.
  •  Buzkantza dastatzea.

Abendua

  •  70 urtetako historiaren erakustaldia.
  •  Futbol eskolakoen Bixente Etxeandia txapelketa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak