Jose Inazio Isasmendik udara bitartean jarraituko du Basotxoko presidente izaten

Mirari Altube Arrese 2016ko mar. 15a, 18:00

Aretxabaletako erretiratuek batzar orokorra egin dute iazko kontuak onartzeko eta aurtengoak aurkezteko. 975 bazkide dituen Basotxo elkartea herriko jendetsuenetakoa da, eta ia ehun mila euro inguruko aurrekontua du. Zuzendaritza batzordea ere berritu dute.

Iazko memoria eta diru-kontuak erakutsi dizkiete bazkideei Aretxabaletako erretiratuen elkarteko zuzendaritza batzordeko kideek urtero martxoan egiten duten batzar orokorrean. "Pozik" agertu dira bazkideak, orain arte egindakoekin, horregatik, bide beretik jarraitu gura dute.

Horretarako ia 100.000 euroko aurrekontua dute eta aurten ere bidaiak izango dira protagonista nagusiak. Laster Kantabriara joango dira egun pasa eta abendua bitartean Burgosera, Iparraldera, Nafarroara eta Donostiara joateko aukera eskainiko diete bazkideei. Astebeteko hiru bidaia ere egingo dituzte: apirilean Benidormera, ekainean Bretainiara eta Normandiara, eta urrian, Galiziara.

Horrekin batera eskainiko dituzte hitzaldiak Kontsumobiderekin elkarlanean eta ikastaroak; hain zuzen egunotan Interneten gainekoa egiten dabiltza. Eta ekitaldi eta ospakizunak ere ez dira faltako; irailean, esaterako, Kultur Astea egingo dute.

Bestetik, abestaldea eta dantza taldea ere baditu Basotxok. Azken urteotan indartuaz joan dira horiek eta gero eta kide gehiago dituzte.

Zuzendaritza batzordea berritu

Urteko batzarrean Basotxo elkarteko zuzendaritza batzordea berritu dute. Hiru lagunek utzi dute batzorde hori: Mariasun Isasmendi idazkariak eta Nieves Arana eta Fortu Lopez bokalek, eta horien ordez sartu dira Tere Artano, Jose Gato eta Xabier Zaloña. Presidenteak, ostera, hilabete batzuk jarraitzea erabaki du ordezkoren bat agertu artean.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak