Orain dela urte pare bat ere izan ziren lur-jausiak malda horretan, oraingoak baino larriagoak. Orduan hainbat konponketa lan egin zituzten: "Bio-ingeniaritzako nahaste batekin probatu zen orduan, landareak sartu ziren lurrari heltzeko; baina bi urte pasatutakoan behera egin du berriro", jakinarazi du Unai Elkorok, alkateak.
Ondarroako kasuaren antzik ez duela inondik inora argitu gura izan du Elkorok, baina onartu du hasieratik izan dituela arazoak malda horrek: "Oso urtsua da eta euri asko egin duenez azken urteotan arazoak eman ditu. Ez dakit behin betiko konponbiderik topatuko dugun baina saiatuko gara". Hala, bihar, eguaztena, Sestra ingeniaritza etxeko arduradunak etorriko dira ingurua aztertzera eta hurrengo pausoak zehaztera. Hori egin bitartean erabaki dute areka inguruak garbi mantentzea garajeetan eta beheko solairuetan kalterik ez sortzeko.