Beharrezkoak zituzten hiru puntuak, baina Aurrera Ondarroako mutilek eraman dituzte. Gogotsu irten dira Valleren mutilak partidu hasieran, baina arerioak egin du norgehiagokako lehenengo gola. Aurrera Ondarroako mutilek ondo jositako jokaldi batean Aretxabaletakoen ate aurrera iritsi dira baloiarekin. Defentsa lanetan ari zirela etxeko bi jokalari lurrera jausi dira, eta baloiak bietako bat jo eta ate barrura joan da. Horrela iritsi da huts eta batekoa.
Bigarren zatian bi gol
Etxekoen gola bigarren zatia hasi eta hamabost bat minutura iritsi da. Behin baino gehiagotan lortu dute Valleren mutilek ondarrutarren ate aurrera iristea, eta saiakera horietako batean Jokin Vadillok egin du gola. Jokaldian Julen Erañak egin du lehenengo jaurtiketa eta atezainak lortu du baloia atzera botatzea. Vadilloren oinetara iritsi da orduan baloia, eta honek zuzenean bidali du ate barrura.
Arnasa hartu dute Aretxabaletakoek berdinketarekin, baina gutxi iraun du lasaitasunak. Partidua amaitzeko hamabost minutu falta zirela ikusteko moduko gola egin du Aurrera Ondarroako jokalari Julen Uribesalgok. Falta jaurti du area kanpotik Aretxabaletako mutilen barrera aurrez aurre zuela. Gainetik bidali du baloia, eta zuzenean joan da sarera.
Aretxabaletako taldea da, orain, sailkapeneko azkena.