Euskararen panoraman erreferente izan nahi du Euspotek

Josu Bilbao 2016ko mar. 11a, 12:29

Euspot 2016 aurkezpena

Bosgarren edizioan, Gipuzkoako barnealdeko turismoa sustatzeko spot onenak sarituko dira, beti ere euskarazko sormena bultzatuz.

Euspot 2016ko edizioa aurkeztu dute gaur Foru Aldundian. Bertan izan dira, besteak beste, Mikel Iritzar (Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria), Goio Arana (Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ordezkaria), Unai Elkoro (Aretxabaletako alkatea), eta Gorka Etxabe (Arteman Komunikazioko ordezkaria).

“Publizitatearen esparruan garrantzi handikoa da euskaraz sortzea, askotan ideia batek oso ondo funtzionatzen du hizkuntza batean eta oso gaizki bestean. Horregatik, euskarazko sorkuntza sustatzea lehentasunezkoa da guretzat, gehiegitan ikusi baitugu euskarazko publizitatea bigarren mailan”, azaldu du Mikel Irizarrek.

Lehiaketa Euskal Herri osora irekia bada ere, Mondragon Unibertsitateko ikasleek ikasgai gisa egin eta garatu beharko dute euren spota. Aurten, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere babestuko du Euspot lehiaketa. Gaia, barnealdeko turismoa sustatzea izango da, eta horregatik, barnealdeak turismorako eskaintzen dituen aukerak, paisaia-multzoak eta kultura egitasmoak nabarmendu beharko ditu spota.

2016ko edizioaren aurkezpenean, besteak beste, Goio Arana (Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ordezkaria), Unai Elkoro (Aretxabaletako alkatea), Ane Lore Estala (Aretxabaletako Udaleko euskara teknikaria) eta Gorka Etxabe (Arteman Komunikazioko ordezkaria) izan dira.

Aretxabaletako Udalak Euspoten aldeko apustua egin nahi du aurten ere, euskara bizitzako alor guztietara hedatzeko eta arlo horretan egiten ari diren lana azpimarratzeko.

Epeak:

Lanak apirilaren 28a baino lehen aurkeztu beharko dira www.euspot.eus webgunean eta sari banaketa ekitaldia maiatzaren 12an egingo da Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxeko Zaraia aretoan. Iaz Kike Amonarrizek hitzaldia eskaini zuen sari banaketa ekitaldian eta aurten ere ez dira sorpresak faltako.

Sariak:

Guztira Euspot Lehiaketak aurten ere 2.250,00 euro banatuko ditu sarietan.

1.- Spotik onena. / 1.000 euro

2.- Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena. / 500 euro

3.- Publikoaren saria. / 500 euro

4.- Gazteen saria (14-18 urte) / 250 euro

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak