Emakumeen Frontenis Txapelketako finalistek denbora hartu dute finala hasi aurretik behar den moduan berotzeko. Ez zen gutxiagorako, Iturrigorrin hotz galanta egiten zuelako. Baina behin jokoan hasita, laurek ere erakustaldi polita eskaini dute. Ainara Mugak eta Amaia Ariznabarretak 25-10 irabazi diete herriko ordezkariei, Rosa Ojueli eta Lore Martinezi, eta markagailuak bestelakoa erakusten badu ere, tanto asko oso borrokatuak izan dira; hala, finalistek txapelketako hirugarren edizioak merezi zuen finala egin dute: "Antolatzaileak zoriondu gura ditugu, sekulako lana egin dutelako", adierazi du bikote irabazleak.
Kirola eta aldarrikapena, batera
Partiduaren ondoren, berriz, eguerdiko momentu bereziena iritsi da. Nazioarteko Emakumearen Egunaren bueltan zegoen hitzordua antolatuta, eta eguraldiak laguntzen ez zuenez, antolatzaileek baztertu egin dute kalejira egitea, eta omenaldia pilotalekuan bertan egin dute. UDAko antolatzaile taldearen lana amaituta, feminista elkartekoek hartu dute ekitaldiaz jarraitzeko ardura. Lehenengo bertsolariak izan dira, eta ondoren bi emakume omendu dituzte. Batetik, Pilar Ansoategi arrasatearra, eta bestetik, Karmele Unzueta aretxabaletarra. Eta momentu hunkigarria izan da, protagonistek ez zutelako halako omenaldirik espero, eta sorpresaz hartu dute dena. Hala, hegan egiteko erratz bana jaso dute, eta lehen aurreratu moduan, ikusleen txalo zaparrada beroa.