Bigarrenez dator 'Gaztekonkis' herriko gazteak kirolera gerturatzeko

Mirari Altube Arrese 2016ko ots. 26a, 10:00
Gaztetxoak proba bat jokatzen Urkulu inguruan, iaz.

Udaberriko Gaztekonkis ekimena antolatu dute herriko hainbat eragilek bigarrenez. 12 eta 16 urte bitarteko gaztetxoei erakutsi gura diete beste behin, kirola eginez ondo pasa daitekeela. Martxoaren 21ean eta 22an izango dira probak eta izena emateko epea zabaltzear dago.

"Nerabeei kirola egiteko hamaika modu daudela erakustea da helburua, eta oinarriak jartzea kirola gozamenarekin eta ohitura osasungarriekin lot dezaten", jakinarazi dute antolatzaileek, Atxagazte gaztelekua, Arizmendi kirol elkartea, Udala eta UDA. Hala, egun batean kirol probak egingo dituzte mendian, eta bigarrenean, sukalde lanetan jardungo dute herrian. 

Martxoaren 21ean, astelehena, joango dira hain zuzen ere, mendira. 11:00etan irten eta 17:00etara bitartean, hainbat eratako probak gainditu beharko dituzte puntuak jasotzeko. 

Martitzenean, martxoaren 22an, ostera, Gaztetxef egingo dute, 11:00etatik 16:00etara bitartean. "Lehenengo ginkana jolasean jardungo dute bazkarirako osagaiak eta tresnak lortzeko. Eta ondoren, bazkaria prestatzera joango dira Iturrigorri pilotalekura", argitu dute antolatzaileek, eta gaineratu bazkalostean tonbola egingo dutela. 

Martxoaren 16a arte izena 

Proba guztiak taldeka egingo dituzte gaztetxoek; gutxienez bost lagunek eta gehienez zortzik osatutako taldeak, hain zuzen. Eta horiek mistoak badira puntu gehiago lortuko dituzte. Izena emateko epea martitzenean, martxoaren 1ean zabalduko dute eta 16an itxi, eta Internet bidez emango da: hemen

Talde onenek sariak jasoko dituzte: lehenengoak, Laboral Kutxa saskibaloi taldearen partidurako sarrerak eta afaria; bigarrenak, izotz pistarako sarrerak eta afaria; eta talde eredugarrienak, afaria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak