Break on stage ekimenak eta Aretxabaletako Udalak hirugarrenez antolatu dute Fun Dantz jaialdia, Euskal Herriko dantza urbanoen lehiaketa garrantzitsuenetakoa, hain zuzen ere. Emakumearen Nazioarteko Egunaren bueltako ekitaldien artean dago eta aurtengoa ere arrakastatsua izango delakoan daude Kultura Saileko kideak.
Lehiaketak modalitate bi
Kaleko dantzetan jarduten dutenendako aparteko agertokia izango da Ibarra kiroldegia, beste behin. Martxoaren 12an, zapatua, jokatuko da lehiaketa eta bi modalitate izango ditu: bata, gazteak (15 urtetik beherakoak) eta bikoteak; eta bestea, Urban dance lehiaketa nagusia. 20 talde talde elkartuko dira hor.
Euskal Herriko txoko askotatik gerturatuko dira taldeak, Bilbotik, Iruñeatik eta Donostiatik besteak beste, eta nor baino nor gehiago jardungo dute guztiek. Dantzak epaitzea ez da batere samurra izango, horregatik goi mailako epaileak gonbidatu dituzte bertara.
Gazte eta bikote onenek diru sariak jasoko dituzte, eta Urban Dance lehiaketa nagusiko bi onenak, diru saria jasotzeaz gain, apirilean Bilbon egingo den Break on stage lehiaketarako sailkatuko dira.
Sarrerak Arkupen, 3 eurotan
Fun Dantz jaialdirako sarrerak, 680 guztira, gaurtik jarriko dituzte salgai Arkupe kultura etxeko harreran. Aurrez 3 euro balio dute eta egunean bertan, leihatilan, 5 euro.