Hain zuzen hil honetan onartu duten 2016ko Udal aurrekontuan inbertsiorik garrantzitsuena dagokio Geltoki plazari: 117.890 euro. Diru hori bigarren zatiari dagokio.
Bide zabalagoa
"Lanak bukatuta izango direla otsail bukaerarako esan digute baina neure zalantzak ditut", adierazi du Elkorok. Orsa indusketa eta garraio enpresa dabil horretan, eta lurzorua botatzen hasita egon arren oraindik hainbat lan dituzte egiteko Hirigintza Saileko ordezkariek jakinarazi duten legez: "Lur azpiko lanak eta lurrazalekoak, guztiak dira egin beharrekoak, horien artean bidegorri berria asfalto gorriarekin bukatu. Horiek egindakoan, autobus geltokiaren markesina bere lekuan jarri behar da eta kalea asfaltatu; baita seinaleztapen horizontala eta bertikala jarri ere".
Azaroan hasi zituzten lanok eta askorendako luze doaz, gune horretan joan-etorri handia izaten delako bizikletan, arineketan eta oinez; gainera, autobus geltokia ere badago han. Bukatutakoan, lehengoa baino bide zabalagoa izango dela dio alkateak: "Zati bat bidegorria izango da, bizikletendako, eta bestea, oinezkoendako".
Biribilgunea, Aldundiak
Santa Kurtz kalea eta Geltoki plaza artean hainbat bide elkartzen dira, biribilgune antzekoa sortuz: saihesbidetik datorrena eta Urkulura igotzen eta jaisten direnak, besteak beste. Oraingoz dagoenetan geratuko da hori: "Aldundia hasita dago horren proiektua egiten, baina arazoa izango da leku falta behar bezalako biribilgune bat egiteko", azaldu du Elkorok.