Herriko Landaketa taldearen laguntza izango du beste behin Udalak, bai landatze lanetarako, bai koordinazio kontuetarako. Baita Kurtzebarri eskolako eta Arizmendi ikastolako neska-mutikoena eta horien gurasoena ere. Iaz, 100 bat lagun elkartu ziren, nahiz eta euria egin, eta 180 bat zuhaitz landatu zituzten, eta aurten ez dute gutxiago izan gura: "Udaleko Ingurumen saileko kideok parte hartzera gonbidatzen ditugu ikasleak, gurasoak eta herritarrak", jakinarazi dute. Bai zuhaitz landareak, bai horretarako behar diren tresnak antolatzaileek jarriko dituzte, hortaz, lanera doazenek arropa eta oinetako egokiak bakarrik eraman beharko dituzte. Egileor baserri inguruko lursaila Udalarena da, eta poliki-poliki zuhaitzez betetzea da haren asmoa.
Goiza lanean jardun ondoren hamaiketakoarekin emango dizkiete eskerrak udal ordezkariek elkartutako guztiei, eta hala, indarrak berreskuratu.