Sexualitatea, aitatasuna eta elikadura berbetarako gai Guraso Foroaren eskutik

Haurtzaroaren gaineko formazio zikloa antolatu du Guraso Foroak gurasoen zalantzak argitzeko asmoareki. Hainbat gai landuko dituzte hiru hitzalditan eta izena emateko epea zabalik dago.

Aretxabaletako gurasoek –Kurtzebarriko Gurabarri eta Batera elkarteak, Arizmendiko eta Pausokako guraso elkarteak, eta Kuku Miku– eta Udalak osatutako Guraso Foroak haurtzaroaren gaineko formazio zikloa antolatu du. Hiru hitzalditan gai guztiz ezberdinak landuko dituzte adituen laguntzarekin: sexualitatea, elikadura eta aitatasuna. "Benetan gai interesgarriak dira eta haurren heziketan gurasooi sortzen zaizkigun kezkak argituko dizkigute", jakinarazi du Maider Etxanizek, Udaleko Gazteria teknikariak, eta gaineratu du: "Aitatasunaren hitzaldira gonbidatuko nituzke bereziki. Aitak askotan, baztertuak sentitzen dira familian, batez ere ume jaioberria datorrenean, eta zelan jokatu, zein paper duten eta beste kontu askoren berri emango du Eduardo Portillak". 

Izena emateko epea zabalik dago eta gura den hitzaldia hautatu daiteke. Horretarako gertatu duten fitxa bete behar da, eta Arkupe kultur etxera eraman edo Gazteria sailera bideratu, helbidea honako hau da: gazteria@aretxabaleta.eus. Azken eguna da otsailak 22, astelehena.

Mendi irteera otsailaren 13an

Bestalde, bihar, hilak 13 otsaileko mendi irteera egingo dute Guraso Foroak eta Murrukixok elkarlanean antolatuta. 4 eta 12 urte arteko seme-alabak dituzten familiendako da gonbidapena, eta Muru mendia ezagutzera joko dute. Ez dago aurrez izenik eman beharrik eta Herriko Plazan elkartuko dira 10:00etan; oraingoan autoan joango dira mendi barreneraino eta gero oinez egin ibilbidea. "Aretxabaletako mendi bazterrak, bide zidorrak eta parajeak ezagutzera ematea da asmoa, naturarekin gozatu bitartean", jakinarazi dute antolatzaileek.

Hurrengo irteera martxoaren 5ean izango da, eta Areantza auzoko elurzuloa ezagutzera joango dira orduan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.