Ertzaintzaren esanetan lapurreta izan zen 21:00ak eta 22:30ak bitartean, atzo, Aretxabaletako komunitate-garaje batean. Garaje barruan itxita zegoen lokal bateko atea indarrez apurtu eta handik lau bizikleta hartu zituzten. Lau horietatik, baina, bi bakarrik eroan zituzten, 5.000 eurotik gorako balioa zutenak, hain zuzen.
Lapurretaren abisua 22:30ak pasatxoan jaso zuen Ertzaintzak, eta kontrolguneak jarri zituen horiek antzemateko. Aretxabaleta eta Legazpi arteko bigarren mailako errepide batean jarritakoan hain zuzen ere, ezohiko jarrera zuen gidari bat antzeman zuten. Autoa miatzerakoan topatu zuten ostutako bizikleta baten gurpil puzgailua, eta atxilotu egin zuten gidaria. Hango arrastoari jarraituta, Legazpiko etxe batera jo zuten eta bizikletak aurkitu zituzten. Orduan etxebizitzan zeuden bi kide atxilotu zituzten.
Hiru atxilotuak, 34, 26 eta 23 urte dituzten gizonezkoak, aurretik ere hamar bat aldiz atxilotuak izan dira hainbat delitugatik, eta dagoeneko Bergarako epaitegiaren esku daude.