Lokala eskatzeko izena ematerakoan hogei euro ordainduko dira fidantza legez, eta giltzak bueltatzerakoan itzuliko dute. Lokalaren erabilerarako arauak ondo zehaztu ditu, beste behin, Udalak. Talde bakoitzak arduradun bat izendatuko du eta hark izango du giltza. Adingabeek heldu bat izango dute arduradun, eta lokalean dauden bitartean han egon beharko du hark, derrigorrean. Materiala eta lanerako tresnak taldeak eraman beharko ditu, eta eguneko lanak bukatzerakoan bazterrak txukun utzi. Lokala 21:00etan itxiko da, eta, istripuren bat gertatuz gero, arduraduna izango da erantzulea. Aratusteak bukatutakoan itzuli beharko dira giltzak; otsailaren 15erako, hain zuzen ere.
Txartelak kuadrillaka hartu
Aratuste-bazkaria aurten ere Ibarra kiroldegian izango da eta txartelak hilaren 25ean, astelehena, jarriko dituzte salgai. Orain arte legez, kuadrillaka hartu behar dira txartelok Kultura Sailean (Arkupeko bigarren solairuan), eta ordutegia da 09:00etatik 14:30era. Helduen bazkariaren prezioa 16 euro da eta menua honako hau: paella berezia; txerri-masailak saltsan; goxua; eta kafea eta infusioak.
Umeen menuak, ostera, 12 euroko prezioa du, eta jateko izango dute honako hau: makarroiak tomatearekin eta gaztarekin; hanburgesak saltsan patatekin; eta izozkia.