Gurasoak eta haurrak elkarrekin liburutegira joatea da Bularretik mintzora egitasmoko Irakurketa kluben proposamena. Klub horietan Galtzagorri elkarteko dinamizatzaile batek zuzendutako irakurketa saioak egingo dituzte.
Helburua bikoitza da Galtzagorriko kideen esanetan: batetik, gozatzeko une bat sortzea, ipuin, kantu, olerki eta hitz jolasekin helduek eta haurrek ondo pasa dezaten; eta bestetik, gurasoak prestatzea. "Horretarako, haur eta gazte literaturako baliabideak erakusten dira, eta kontatzeko moduak azaltzen. Azken batean, helduak seme-alabekin literatura modu autonomoan lantzeko gai senti daitezen nahi da", diote.
Hori horrela honako helburuak zehaztu dituzte: irakurketa sustatu; kalitatezko euskal bibliografia ezagutu; guraso/hezitzaile eta haurraren arteko irakurketa giroa sortu; guraso/hezitzaileak ozenki irakurtzen trebatu; eta haurrek giro lasai batean gozatu dezaten lortu.
Helduen partaidetza jarrera
Gurasoek eta haurrek hainbat ekimen egingo dituzte elkarrekin, besteak beste, irakurketa ozenak, liburuen aurkezpenak eta liburuen gaineko gomendioak. Hori horrela, zera azpimarratu dute: "Garrantzitsua da, beraz, haurrarekin datorren helduak partaidetza jarrera hartzea, ekimen hau ez da-eta umeei soilik zuzendutako denbora pasa. Izan ere, irakurketa klub hauetan erroa eta helburua da umeen eta gurasoen irakurketa uneak partekatzea, eta ez haurra bide horretan bakarrik uztea".
Izenematea zabalik
Izena aurrez eman behar da Haur Liburutegian. Bertara joan daiteke (Arkupe), telefonoz deitu (943 08 10 01) edo mezu bat bidali helbide elektronikora: haurliburutegia@aretxabaleta.net. Azken eguna urtarrilaren 22a izango da.