Mozambiken, Brasilen eta Kuban martxan dituen zazpi programen gaineko argibideak batzen dituen argazki erakusketa ekarri du Mundukidek Arkupera. "Asmoa da orain arte egindako lanaren berri ematea eta Mundukide zer den, dituen balioak, eta gizartea eraldatzeko duen helburua ezagutzera ematea", dio Josu Urrutiak, Mundukideko zuzendariak. Eta horren guztiaren berri emanda bazkide gehiago egin gura dituzte: "Proiektu gehiago martxan jarri ahal izateko aukera eta beharra dagoelako".
Bertsoak eta ipuinak
Erakusketa hori bertsoekin eta ipuinekin jantziko du Amuriza bertsolariak eguaztenean, 19:00etan, Kapulana bat zintzilik emanaldiarekin. Kapulanak dira Mozambikeko emakumeen oihal koloretsuak, hainbat erabilera dauzkatenak: umeei lepoan eutsi, jatekoa bildu eta etxeak apaindu, besteak beste. Emanaldian kapulana bat zabaldu eta han gordetako kantu, kontu eta irudiak aterako dituzte: "Mozambikeko lurrazalaren historiatik hasita, emakumeen eskuetako azal zimurrak irakurtzeraino egingo dugu bidaia", diote elkarteko kideek. Bien bitartean, kooperazioaren, nekazaritzaren, haurtzaroaren eta hizkuntzaren gainean jardungo du ia ordubetez Amurizak, Eider Eibarren ilustrazioak lagun dituela.