Jaialdiaren hiru sailetan –sail ofiziala, Basque Culinary lehiaketa eta MUko ikasleen lehiaketa– parte hartzeko lanak otsailaren 10a bitartean bidal daitezke. Huhezinema.com atarian kontsulta daitezke sail bakoitzaren oinarriak.
Hainbat berrikuntza
Aurreko urteetan moduan, lanak Movibeta plataformaren bitartez aurkez daitezke, baina, oraingoan, Festhome plataforma erabiltzeko aukera ere izango da.
Berrikuntza horretaz gain, beste hainbat ere izango dira: batetik, Ogeita4 Camera Solution enpresarekin lortutako akordioari esker, Goiena sariari hiru egunerako kamera materiala gehituko diotela antolatzaileek. Sari horrekin sortutako euskarazko film laburra Huhezinema 2017an aurkeztuko dute. Basque Culinary lehiaketan, ikasleez gain Euskal Herriko edozeinek parte hartzeko aukera izango duela ere berria da; eta baita ekoizpenerako edo banaketarako diru laguntza publikorik jaso ez duen lana saritzeko Vertigo saria berreskuratu dutela ere.