Urrian jarri zuten abian ekimena eta 2014an jaiotako neska-mutikoen gurasoei gutunak bidali zizkieten horren berri emateko. 33 umeren gurasoek eman zuten izena orduan, eta Lekaixokako kideek, bederatzi bat lagunek, bertso bana egin dizkiete horiei. Bertso bakoitzari umearen argazkia jarri diote alboan eta hori osatu dute Iñaki San Miguelek egindako marrazki politekin. "Gustura geratu gara emaitzarekin, ea gurasoek ere gustuko duten", zioten Lekaixokako bertsolariek.
Ekitaldi apala baina polita egin zuten Arkupen, liburuok banatzeko. Bertsoa beti protagonista izanda, umeekin bizi izaten diren ohiko egoerak antzeztu zituzten gurasoz, aitaita-amamez eta umez ia beteta zegoen aretoan. "Ekimen polita da, eta betiko den opari horietako bat jaso dugu", esan zuten gurasoek liburua eskuartean zutela.