Egitaraua osorik:
11:00 Kuadrillen arteko jolasak musikarekin.
14:00 Bazkaria eta ondoren kantaldia.
18:30 Jolasen amaiera eta argazki erraldoia.
20:00 Kontzertuak: D-Skarga eta Delirium.
Arratsalde guztian taberna eta photocall-a.Mitarte plazako lokalean.
Idoia Sanchez: "Adin tarterik zehaztu barik gazte sentitzen den edozein izango da ongietorria jaira!"
Urrian hasi ziren eguna antolatzen hainbat asmorekin.
Zein helbururekin antolatu duzue eguna?
Urriaren erdian gazte batzuk elkartu ginen eta Aretxabaletako gazteon arteko harremanak estutzeko egun bat antolatzea erabaki genuen. Helburua da ahalik eta gazte gehien elkartu, gure artean ezagutu eta guztion gustukoa izango den egun polit bat pasatzea, ahal den eta anitzena izango dena.
Aurretik batzar baterako deialdia egin zenieten kuadrrillei, ezta?
Beharrezkotzat jo genuen ahalik eta kuadrilla gehien elkartzea egun hori antolatzeko. Hala, guztion gustuak ezagutzeko aukera izan dugu, gure artean ezagutzen hasi gara eta egitaraua aurrera atera ahal izan dugu. Hamalau bat lagun agertu ginen orduan.
Aurreko urteetan Gazte Eguna antolatu izan duzue. Horrekin zerikusirik badauka?
Ospatu izan dugu egun berezi bat data honetan, baina aurten guztion artean antolatzen saiatu gara, guztion gustukoa izateko. Nahiko eztabaida izan genuen izenaren gainean, baina ikusi genuen Gazte Egunak eduki zezakeela zelanbaiteko muga, posible zela gazte guztiek ez ikustea euren burua izen horrekin identifikatuta. Horregatik, beste izen bat eman gura izan genion eta beste ikuspuntu batetik begiratu, zelanbait kuadrilla kontzeptua hartu orokorrean. Izan ere, denok daukagu gure taldetxoa, eta denok elkartzeko aitzaki bat sortu dugu gure artean ezagutu eta harremanak estutzeko.
Zein urte arteko gazteak elkartuko zarete?
Deialdia Aretxabaletako gazte guztiei zabalduta dago, eta ongietorriak izango dira guztiak, adin tarterik zehaztu barik. Gazte sentitzen den edozein izango da ongietorria!
Zenbat lagun elkartuko zarete bazkaltzeko?
Zehatz jakitea zaila da, baina aurreko urteotan ehun bat elkartu izan gara, eta aurten ere hala izango delakoan gaude.
Eta aurrera begira urtero ospatzeko asmoarekin?
Ondo badoa eguna eta horretarako gogoz bagaude lehenengo Kuadrilla Egunak bigarrena ere edukiko du, denon artean sortu eta ospatuko duguna.