Iazko ikasturtean jarri zuten abian, Aretxabaletan, Guraso Foroa. Eta ordutik hona ekintza asko dabiltza egiten. Azaroan, esaterako, nerabeen gurasoendako heziketa saioak antolatu dituzte. Joan den astean nerabe eta gurasoen arteko komunikazioaren gainean jardun zuten, eta atzo, Internetaren eta sare sozialen gainean. Pantallas Amigas elkarteko kideak etorri ziren argibideak ematera, eta datorren eguenean ere egingo dute hitzaldi hori, oraingoan gazteleraz. Ibarra kiroldegian da, 18:00etan
Aretxabaletako hiru ikastetxeetako gurasoen ordezkariek, hau da, Kurtzebarri eskolakoek eta institutukoek, Arizmendi ikastolakoek eta Pausoka haur eskolakoek; Kuku Miku elkarteko kideek; eta Udal arduradunek osatutako topagunea da Guraso Foroa. Eta atzo ekimen berria aurkeztu zuten: 4 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoendako mendi irteerak. Hainbat helburu ditu horrek, horietako bat da herriko ikastetxeetako familien arteko harremanak sendotzea.
Murrukixo mendizale elkarteko kideak izan dituzte lagun irteera horiek antolatzerakoan. Eta egutegia zehaztuta dute. Lehenengoa abenduaren 12an izango da eta Eskoriatzako Apotzaga eta Gellao auzoetara joango dira. Ondoren hilabetean irteera bat egingo dute ekainera bitartean. Hona egutegia:
Hilabetea |
Eguna |
Irteera |
Abendua |
19 |
Apotzaga-Gellano |
Urtarrila |
16 |
Muruko barrenak |
Otsaila |
13 |
Muru |
Martxoa |
5 |
Areantzako elurzuloa |
Apirila |
9 |
Kurtzetxiki |
Maiatza |
7 |
Haitzulo |
Ekaina |
4 |
Asentzio |
Irteera horiek zapatu goizetan egingo dituzte; Herriko Plazan elkartuko dira 10:00etan eta 13:00etarako bueltan izango dira.