"Aretxabaletan antolatzen den lehenengo frontenis txapelketa mistoa dela kontuan izanda, oso pozik gaude izandako erantzunarekin", jakinarazi dute Aretxabaleta kirol elkarteko kideek.
Txapelketa mistoaren helburuak bi dira: "Emakumezkoek eta gizonezkoek elkarrekin kirola egitea eta pilotalekuaren erabilera bultzatzea", diote UDAkoek. Eta halaxe izango da datozen bi aste bukaeretan, Iturrigorri frontoian.
Finala azaroaren 15ean
Txapelketaren lehen atala ligaxka erara izango da. Lau talde osatu dituzte eta talde horietako bakoitzeko bikoteek elkarren aurka jokatuko dute bihar, etzi eta hilaren 14an. Eta gero final-laurdenak ere azaroaren 14an izango dira eta finalerdiak eta finala, ostera, 15ean.
Partiduetarako arauak ere zehaztu dituzte: 22 tantora izango dira, sakean lautik laua pasatu beharko da eta zazpia pasa izango da; pasa eginez gero, beste aukera bat egongo da.
Txapeldunendako saria bertako produktuekin egindako otarrea izango da; eta txapeldunordeendako, afaria bi lagunendako. Antolatzaileek zera gomendatu diete jokalariei bihar hasiko duten txapelketari begira: "Asko entrenatu eta gero gozatu!"