'Lehenengo aldia' helduendako ipuina gaur 'Atxabaltako kuentistarekin'

Mirari Altube Arrese 2015ko aza. 6a, 08:00
'Ameli, ipuinen jostuna', Amaia Elizagoien, liburua eskuartean duela.

Ameli, ipuinen jostuna-k, Amaia Elizagoien baztandarrak, Lehenengo aldia ipuina kontatuko die helduei gaur, egubakoitza, Arkupen, 19:00etan. Atxabaltako kuentisten hirugarren saioa da.

Sei lagunek egin zuten ipuin kontaketa ikastaroa Udalak antolatuta udaberrian, apiriletik ekainera, eta Maite Franko ipuin kontalari hondarribiarra izan zuten gidari. "Bi helburu zituen ikastaroak: transmisioa batetik, hau da, herriko gazteek umeei ipuinak kontatu ahal izatea; eta trebakuntza bestetik, lan mundura begira gertatzeko erremintak ematea", jakinarazi du Gazteria teknikari den Maider Etxanizek. 

Orduan ikasitakoak erakusten dabiltza orain Atxabaltako kuentistak izenarekin, eta harrera ezin hobea egin diete herritarrek orain arteko saioetan, umeendako kontaketetan. Helduendako egingo duten bakarra gaurkoa izango da. "Ipuin edo anekdota bidez lehenengo aldiak kontatuko ditut, asko markatzen gaituztelako lehenengo aldi horiek", dio Elizagoienek.

Atxabaltako kuentisten azken ekitaldia, bestelakorik erabaki ezean, azaroaren 21ean, zapatua, da. 11:30ean elkartuko dira liburutegiko Txiki Txokoan, eta lau urtetik gorako umeak daude gonbidatuta hara.

 

Amaia Elizagoien: "Helduekin beste osagai batzuk sar daitezke eta hala konplizitatea lortu publikoarekin"

Ipuinak kontatzea du gustuko eta bide horretatik jarraitu gura du. Lehenengo aldia ipuinarekin dator gaur, Arkupera.

Oraintxe hasi zara kontalari lanetan, zelatan?

Haur hezkuntza ikasketak egiten hasi nintzen Bergaran eta ipuin kontaketa ikasgaiko irakasleak esan zidan berezko zerbait nuela ipuinak kontatzeko. .

Ondoren Udalak antolatutako ikastaroa egin zenuen.

Bai, hala da. Konturatu nintzen oso gustuko nuela ipuinen mundu hori, eta pentsatu nuen berezkoa izanda ere sakontzea komeni zitzaidala. 

Eta ase zintuen egindako horrek?

Bai. Ikasi nuen genero eta adin tarte ezberdinetan zelan moldatu, eta Maite Franko irakasleak erakutsi zidan nik nituen erremintak lantzen. Izan ere, beti dago zer ikasia. 

Joan den astean umeen aurrean kontatu zenituen ipuinak; zelan moldatu zinen?

0 eta 3 urte artekoak ziren, eta oso esperientzia berezia izan zen. Horiekin lan egiteko ikasten nabil ni eta horien beharrak zeintzuk diren ezagutzen. Horregatik oso gustura egon nintzen; benetan polita izan zen. 

Helduen aurrean gaur; beldurtuta?

Plaza bakoitzak badu bere xarma eta ematen duzuna eta jasotzen duzuna ezberdina da. Helduen ipuinak ere izugarri gustatzen zaizkit, beste osagai batzuk sar daitezkeelako, umorea adibidez, eta hala, konplizitatea lortu publikoarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak