Batetik, autoen aparkaleku batzuk kendu egingo dituzte obren ondorioz; horiek zeintzuk diren behar bezala jakinaraziko dute lanok hasi aurretik. Eta bestetik, Eibartik Gasteizerantz doan autobusaren geltokia 30 metro eroango dute hegoaldera; Arizmendi ikastolako Basabeazpi gunearen aurrean egongo da. Udal ordezkariek jakinarazi dute autoek ez dutela eragozpenik izango inguru hartatik pasatzeko, errepideak zabalik izango direlako. Oinezkoei, ostera, behar bezala adieraziko diete nondik pasatu ahal izango diren, eta zebrabide berriak margotuko dituzte errepidea gurutzatzeko.
Hamar asteko lanak
Lanok egingo ditu hondeaketa eta garraio lanak egiten dituen Oiartzungo Orsa SL enpresak, eta 279.425 eurotan esleitu dizkiote (BEZ barne). Ondo bidean eta eguraldiak lagunduz gero hamar aste iraungo dute lanek.
Berrituko duten zatiak 160 metro ditu; Basabeazpi gunea pasatu ostean hasi eta Basabe kaleko bidegurutzeraino doa. Gorriz margotutako aglomeratuarekin zehaztuko dute bizikletendako izango den ibilbidea eta oinezkoendako gunea hormigoizko baldosarekin. Pasealekuko zuhaitzak mantentzeko egokitu egingo dituzte automobilen aparkalekuen eta errepidearen zabalera. Horregatik, autoak zeharka edo baterian aparkatuta egotetik errenkan egotera pasatuko dira.
Lurzoru gaineko lanak bakarrik ez, azpikoak ere egingo dituzte eta ur hodiak eta argiteria sistema berritu.