Leizarra musika eskolako dantzariak lagun hartuta egin zuten kalejira txistulariek. Eta Herriko Plazan Iriartek konposatutako Loramendi dantza lehenengoz dantzatu zuten. Musika eskolako Mikel Arcek egin du koreografia eta Iriarteri egindako omenaldian estreinatu gura izan dute herritarren aurrean.
Herria girotu zuen kalejirak baina ekitaldi nagusia kontzertua izan zen. Donostiako Udal bandako txistulariek doinu dotoreekin bete zuten parrokia ordubete pasatxoan, eta herritarrek ezin gusturago jarraitu zituzten haien kantuak eta Ansorenaren kontuak: "Danbolintero puska izan zen Demetrio; gizon apala eta eskuzabala".
Omenaldiak ere izan zuen tartea. Hala, Iriarteren seme-alabek oroigarria jaso zuten Aretxabaletako eta Oñatiko alkateen eskuetatik. Eta gogoan izan zituzten Iriarte baino lehen Aretxabaletan txistulari izandako Nazario Telletxea; Iriarteren inguruan ibilitako Tomas eta Paulo Otxoa; herriko lehenengo txistulari emakumea, Arantxa Bengoa; eta Iriarterekin eskolak jasotzen hasi eta oraindik txistu taldean dabilen Jasone Altuna. Agurra dantzatu zioten dantzariek guztiei, Aretxabaleta Abesbatzak kantuan egin bitartean.