2016ko udal tasen eta zergen gaineko proposamena aurkeztu zuen EAJk atzo, eguena, egindako ezohiko osoko bilkuran. Ondasun higiezinen gaineko zerga bere horretan uztea proposatu zuten eta hutsik dauden etxebizitzei %100eko errekargua ezartzen jarraitzea. Hala ere, datorren urtera begira berrikusteko asmoa agertu zuen alkateak. Igoera izango duten tasen artean daude kiroldegiko zerbitzuena, %3 eta urarena eta zaborrarena, %2,5. Eta aipatu zuen irizpide bat ezarri gura dutela zerbitzu mota bakoitzean "gutxieneko autofinantziazioa" lortzeko.
EH Bilduko zinegotziak proposatutako ordenantzekin konforme agertu ziren "orekatuak" direlako. Irabazikoa, ostera, abstenitu egin zen, eta beste batzuen artean proposatu zuen, etxebizitza hutsei %150eko errekargua ezartzea eta erlijio elkarteenak diren lokalei eta otoitzerako erabiltzen ez direnei, ondasun higiezinen gaineko zerga ezartzea.
Energia kooperatibak bultzatzen
Mozio bi ere eztabaidatu zituzten. Batetik, duintasunaren martxen aldarrikapenekin bat egitea eskatu zuen Irabazik. Mozioa EH Bilduk babestu zuen, baina ez EAJk, ezta Alderdi Sozialistak ere, "zehaztasun faltagatik", eta ez zuten onartu.
Bestetik, kooperatiba energetikoak bultzatzeko mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk, eta aho batez onartu zuten hori. Udalak konpromisoa hartu zuen 10 kilowatiotik beherako kontratu guztiak energia kooperatiba batekin egitea eta herritarrak ere animatu horretara gura dituzte.
Udal jardunerako euskararen erabileraren gaineko protokoloa ere aho batez onartu zuten. EH Bilduk protokolo txukuna dela esan zuen, baina euskaraz ez dakitenei eskatu zien ikasteko konpromisoa hartzeko.
Igogailurik ez oraingoz
Bestalde, alkateak iragarri zuen udaletxean, oraingoz behintzat, ez dutela igogailurik jarriko eta Udal eraikinen "azterketa sakona" egin gura dutela erabakirik hartu aurretik. Bien bitartean, zerbitzuetara iristeko samurtasunak ematen saiatuko direla ezinduei argitu zuen.