Txistu doinu dotoreak aste bukaeran Demetrio Iriarte gogoan

Mirari Altube Arrese 2015ko urr. 22a, 16:54
Txistulariak, abesbatzako kideak eta Gasteizko Udal banda elkarrekin, maiatzeko ekitaldian.

Demetrio Iriarte (Oñati, 1915) txistulari handia jaio zeneko ehungarren urteurrena ospatzen dabiltza Aretxabaletako txistulariak maiatzean hasita, eta aste bukaeran egingo dituzte ekitaldi nagusiak. Bihar, egubakoitza, Donostiako Udal txistulari bandaren kontzertua dago eta zapatuan, bailarako Txistulari Eguna ospatuko dute.

Donostiako Udal txistulari banda izango dute lagun aretxabaletarrek egubakoitzean, urriak 23, Iriarte gogoan: "Egun dagoen txistulari bandarik garrantzitsuenetakoa da. Jose Ignazio Ansorenak zuzentzen du, erreferentziazko txistularia, hortaz, kontzertu benetan dotorea izango da", jakinarazi du Jokin Antxiak, Aretxabaletako taldeko kideak. 

Donostiakoek eta herrikoek (ingurukoekin batera) osteratxoa egingo dute 18:30ean, herrian, Leizarra musika eskolako dantzariak eta Aretxabaleta Abesbatza lagun dituztela. Eta honako kantuekin girotuko dituzte kaleak: Aurrera; Gora, kirolak!; eta Muru Alde. Galo fandangoa eta Erañartar Erramon arin-arina ere joko dituzte. 19:00etan, ekitalditxoa egingo dute guztiek elkarrekin parrokia aurrean (hileta badago plazan). "Loramendi dantza, Demetriok idatzitakoa, estreinatuko dugu orduan. Leizarra musika eskolako irakasle den Mikel Arcek koreografia egin dio, eta sekula ez da dantzan egin orain arte", argitu du Antxiak. Arabako otoitza eta Txino dantza ere joko dituzte. 19:20 aldera, Aita Hilario Olazaranen Mendigoizaleak doinuarekin eta abesbatzak abestuta parrokiara sartuko dira herritarrak (hileta badago Arkupe kultura etxean): "Dantzariek zubia egingo diete ikusleei".

Ondoren, 19:30ean, Donostiako Udal txistulari bandaren kontzertua izango da. Ekitaldia bukatzeko Agurra eta Txanton piperri kantuak abestuko ditu Aretxabaleta Abesbatzak txistulariekin.

Zapatuan, Txistulari Eguna 

Bihar ez dira isilduko txistu doinuak, eta zapatuan, urriak 24, bailarako Txistulari Eguna egingo dute: "Arrasateri zegokion antolatzea baina Aretxabaletan egitea erabaki dugu Demetrioren omenez", dio Antxiak. Elkartuko dira Eskoriatza, Arrasate, Oñati, Antzuola, Zumarraga, Soraluze eta Aretxabaletakoak, eta 11:00etan kalejira egingo dute. 13:00etan, ostera, Herriko Plazan elkartuko dira eta alardea jo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak