Errioxako Voces del Ebro taldeak jota doinuekin girotuko du plaza. Donostiatik etorriko diren Galizia etxekoak eta Laudiotik hurreratuko diren Gaztela Leongo San Fernando taldeak, ostera, dantza emanaldiak eskainiko dizkiete elkartutakoei.
Extremaduraren ordezkari izango da Arrasateko Corazon de Encina elkartea eta Euskal Herriarena, Aretxabaletako Aratz (adimen urritasuna dutenen aldeko taldea). Guztien artean eskainiko dituzte urdaiazpikoa, olagarroa, txitxi-burruntziak, hestebeteak, gazta eta beste hainbat jateko, beti ere edateko goxoak lagun eginda: finoa, Errioxako ardo, sagardoa…
21. Patxaran Lehiaketa
Patxaran lehiaketari ere egingo diote lekua azken urteotan legez. Herriko Plazan jarritako mahaira eroan beharko dira horiek 11:00etatik 14:00etara bitartean. Norberak egindakoa izan beharko du patxaranak eta kristalezko edo beira gardenezko botilan aurkeztuko da (gehienez bi); botilen originaltasuna ere hartuko dute kontuan.
Epaimahaiak hiru onenak sarituko ditu; garaikurra eta diru-saria emango diete horien egileei. Ondoren, hiru patxaranak enkantean jarriko dituzte lote bakar batean, eta eskaintzarik altuena egiten duenari emango dizkiote. Gainerakoak plazako gunean izango dituzte, jendeak proba ditzan.