Euskal kantuak, ama-semearen eskutik

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2015ko urr. 15a, 10:00

Amaia Zubiria eta Edorta Amurua: ama eta semea elkarrekin kantuan. Bikote formatuan izango dira, Arkupe kultura etxean, gaur, eguena, 19:00etan. Sarrerak 4 eurotan eskura daitezke.

Urteak daramatzate elkarrekin bikote moduan kantatzen. "Ondo moldatzen gara taularen gainean, horretarako ezinbestekoa da bizitzan ondo eramatea, etsaiarekin ezin da lanik egin; nik ez behintzat" dio Zubiriak eta zera gaineratu du: "Edortak badu bere taldea, Guajiroak, bertsioak egiten dituen Nafarroako taldea,  eta horiekin gustura jarduten du, musikari profesionalen zurrunbiloan murgiltzeko asmo handirik barik. Nirekin, baina, salbuespena egiten du. Badira Edorta baino musikari osatuagoak, profesionalagoak; askorekin kantatu izan dut, baina berarekin beste konplizitate bat dut. Euskal kantu asko dakizki nik baino gehiago, eta abantaila handia daukat horrekin. Bikoteak egin behar ditugunean prest izaten da elkarrekin jotzeko eta erraztasun handiak ematen dizkit. Ez naiz oroitzen noiz eta nola hasi ginen horrelako emanaldiak egiten, norbaitek zerbait berezia egiteko eskatuko zidan seguru, eta nik semeari proposatu, hark ezetz esango zidan hasieran, eta baiezkoa gero. Gitarra eskuan izaten du berak eta horrez gainera, kantuan ere laguntzen dit".

Zubiriarenak eta tradizionalak

Ordubete eta erdi inguruko emanaldia egingo dute, kantu propioekin eta herrikoiekin osatuz errepertorioa: "Nire abestiak izaten ditugu oinarri, baina, jakina denez, hastapenetatik izan dut kantu herrikoiekiko lotura handia eta, nola ez, eroriko dira bai, horietako batzuk ere. Orokorrean, entzuteko kontzertua izango da baina azken bisetan, ikusleekin batera kantatzeko gonbidapena egingo dugu".

Mikroa alboratzeko asmorik ez

Modak etorri eta joan egiten direla dio Zubiriak baina publiko fidela duela ere aitortzen du; hortaz, ahal duen artean, kantuan jarraitzeko asmoa duela dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak